GAIZKA IZAGIRRE
HERNANI
MARTY SUPREME

Kirolaz harago doan erretratua

Safdie anaiek “Good Time”, “Uncut Gems” eta antzeko film txalotuak elkarrekin sinatu ostean, bakarkako proiektuak gauzatzea erabaki dute. Benek eta Josh bakoitza bere kirol biopicean murgildu dira, eta, DNA zinematografiko berbera duten arren, euren interesak eta sentsibilitateak nork bere bidetik eta askatasun handiagoz garatzeko nahia aldarrikatu dute.

Bide berri horretan, Ben Safdie borroka-arte mistoen unibertsoan barneratu zen iaz “The Smashing Machine” filmarekin; Joshek, berriz, “Marty Supreme”estreinatuko du, Timothee Chalamet protagonista duen Marty Mauser ping-pong jokalariaren biopic-a. Filmak haren ibilbide osoa jasotzen du: Manhattanen apustu bidez partidak jokatzen hasi zenetik 22 titulu garrantzitsu lortu eta 67 urterekin lehiaketa nazional bat irabaziz beteranoen mailan gailendu zenera artekoa. Carol Dunne (Gwyneth Paltrow) zinema izarraren laguntzarekin, bere handitasuna erakutsiko dio mundu osoari.

Gainditze pertsonalei buruzko kontakizun klasikoen eskemetatik urrun, filmak antiheroi egozentriko baten psikologia jartzen du tramaren muinean, eta mahai-tenis jokalariaren figura aitzakia gisa darabil konpultsioek, egoak eta errekonozimendu-beharrak markatutako barne borroka arakatzeko. Filmak haren kirol ibilbidea eta erronka pertsonalak uztartzen ditu, familia harremanak eta erlazio afektibo penagarri samarrak barne.

GARAIKO ESENTZIA

Marty Mauser-en azalean sartzeko, Timothee Chalametek hilabeteak eman zituen entrenatzen eta ping-pongeko teknikak ikasten. Nabarmentzekoa da, halaber, pertsonaiaren karakterizazioa: Marty Reisman 50eko eta 90eko hamarkaden artean bizi izan zen, eta garaiko estilo eta jantziak zehaztasunez landu dituzte. Gainera, itxura retroa lortzeko 35 mm-an filmatu da, Arriflex kamerak eta lente anamorfiko zaharrak erabiliz.