Kubara joan ziren migratzaileak dantzan itzularazi ditu Olaeta Balletak
«Antillak zintzilik daude / argazkien paretetan / karta bat idatziko dut / norbaitek erantzun dezan», kantatu zuen Xabier Letek “Habanera”-n. Amerikak eragin handia izan baitu gure imajinarioan, mendeetan zehar euskaldun askok, beharrak bultzatuta, emigrazioaren bidea hartu behar izan zuelako. Kuban sortutako diaspora hartu du abiapuntu Olaeta Balletak “Gogorapenen hegalez” ikuskizunean, Denis Martinez kubatarraren laguntzarekin.

Migrazioari, gaur egun puri-purian dagoen gai bati, heldu dio Olaeta Balletak bere aurtengo ikuskizunean, “Gogorapenen hegalez” izenekoa. Datorren otsailaren 8an (19.00etan) Bilboko Arriaga antzokiaren oholtzaren gainean, eta gure iraganari helduta, migranteengan izaten den barne borroka plazaratuko du konpainia eta eskola beterano honek dantza ikuskizun batean. Herriminaren eta harrera herriarekiko maitasunaren artean sortzen diren sentimendu kontrajarriak dantzan jarriko dituzte, euskal doinu eta pausoak kubatar folklorearekin elkartuta.
Olaeta Balleta, erbesteko euskal kulturaren adierazle nagusietako bat, XX. mendearen hasierako pizkunde kulturalari estuki lotua dago. Jatorria Elai-Alai dantza taldean du, Euskal Herriko lehen talde koreografikoa izan zenean. Segundo Olaetak (Gernika, 1836 - Bilbo, 1971) 1926. urtean Gernikan sortu zuen konpainia eta, ordutik, Olaeta familia euskal dantzaren bilakaerari lotuta egon da. 1989an, Victor Olaetak eta ikasleek Olaeta Balleta elkartea sortu zuten eta hor dirau, lanean, gaur egun.
«Mina ematen dizu zure herrialdetik irteteak, zure bizitzaren eta ametsen alde borrokatzeko», irakur dezakegu “Gogorapenen hegalez” honen sinopsian. «Denbora igaro ahala, integratu egiten zara, bizitza berriaz gozatzen duzu, jendea ezagutzen duzu eta ohitura berriak hartzen dituzu», baina herrira itzultzeko beharra ez da itzali eta «itzultzeko erabakia hartzen duzunean, beste pertsona batzuk atzean uzten dituzu».
Hor abiapuntua. Kutsu kubatarra izango du, beraz, Olaeta Balletaren aurtengo kurtsoko ikuskizunak. Urtero egiten duten legez, Bilboko egoitzan (Eskolapioen ikastetxeko gimnasioan) urtean zehar jarduten diren ikasle eta dantzariak oholtzaren gainera igoko dira, zuzeneko musikarekin -Kantabrik Sinfonietta Orkestra, Iker Sanchezen zuzendaritzapean-. Ez da ikuskizun xume bat izango, hemen datuak: 45 dantzari, Deustuko Ondalan erraldoien konpartsa, Basauriko Zirzira emakumeen abesbatzako 40 abeslari -Ius Perezen zuzendaritzapean-, eta Asier Gonzalez eta Gorka Pascuas (gaita, txistua eta alboka) eta Julen Murga (akordeoia).
Zuzendaritzaren ardura Jone Goirizelaiarena eta Mikel G. Pujanarena izan da, Denis Martinezen laguntza bereziarekin. Denis Martinez (1990, Camagüey,) dantzari eta koreografo kubatarra, 2014tik Euskal Herrian finkatuta dago. Kubako Dantza Konpainia Nazionaleko (Kubako Dantza Garaikidea) lehen dantzaria eta koreografoa izan zen eta, konpainiako kide gisa, nazioarteko birak egin zituen, hala nola Erroma, Lyon eta Bilbo bisitatuz. 2012an Arriagan aritu ziren.
Egun Denis Martinezek bere proiektu propioa du, Aldaketa izenekoa, eta dantza garaikideko euskal sortzaile ugarirekin lan egin izan du. Harrobia elkarteak iaztik martxan jarritako “Ni prest” egitasmoan -aktore eta dantzari profesionalei zuzendutako entrenamendua- ere parte hartzen ari da. «Hasieran Jonek proposatu zidan mamboa eta euskal dantza uztar nitzala. Bi tempo zeharo desberdinak dituzte biek: euskal dantzak gorantz egiten du; haizea da. Mamboa, ordea, lurrari lotuta dago erabat. Hortik aurrera, istorioaren alde kubatarra indartzen aritu izan naiz».
Zaila izan al da? «Mamboari dagokionez, funtsezkoena da tempoari adi egotea, belarria horretan jartzea, eta euskal dantzako dantzariek oso belarri landua dute. Entseguetan ikusi dudanak harritu nau, gehiagotan ikusi nahi ditut! Jone Goirizelaia, koreografo bezala, oso energetikoa da, eta, era berean, samurtasunetik egiten du».
Lan honek Kubara bizitza hobeago baten bila joan ziren euskaldunei buruz hitz egiten du: «Nik gauza bera bizi izan dut, baina alderantziz, noski -dio kubatar dantzariak-. Irrika hori bizi izan dut eta, hemengo odolik ez dudan arren, oso hemengoa sentitzen naiz. Izan ere, joan den udan Dominikar Errepublikara joan nintzen Kubako konpainia batekin lan egitera, nire jatorriak berreskuratzeko asmoz, eta han oso euskalduna naizela ohartu nintzen! Hemen bizi naiz eta nire komunitatea hemendik sortzen dut».

Un llamamiento a la esperanza en el último adiós a «Peixoto»

«Energetikoki, Euskal Herrian Trumpen bandoan gaude»

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes
