LABek eta ELAk euskaraz lan egiteko berme juridikoak eskatu dituzte
Euskarak gaztelaniak dituen eskubide berberak izan ditzan aldarrikatu dute LAB eta ELA sindikatuek Hego Euskal Herriko administrazio publikoetako egoitzetan. Izan ere, erakunde publiko horietan, euskaraz lan egiteko eta zerbitzuak euskaraz jasotzeko eskubideak arriskuan daudela ohartarazi dute sindikatu abertzaleek.

“Euskararik gabe, kalitatezko zerbitzu publiko onik ez” lelopean mobilizatu ziren LAB eta ELA sindikatuak atzo goizean Bilboko, Donostiako eta Gasteizko administrazio publiko nagusien aurrean. Iruñean gaur mobilizatuko dira, Nafarroako Jauregiaren aurrean.
Euskara administrazio publikoetan pairatzen ari den erasoei aurre egiteko elkarretaratzeak egin zituzten udal, foru aldundi, ikastetxe publiko, ospitale publiko eta Jaurlaritzaren egoitzen aurrean. Era berean, administrazio publikoak interpelatu zituzten sindikatu abertzaleek eta euskaraz lan egiteko zein euskaraz artatua izateko eskubidea bermatzeko exijitu zuten. Eskubide horiek «arrisku larrian» daudela ohartarazi zuten.
Irati Tobar LAB sindikatuko ordezkariak azpimarratu zuenez, epaitegietan azken lau urteetan bultzatzen ari diren oldarraldi euskarafoboak «ez dira puntualak» eta «euskararen normalizazioa oztopatzea» bilatzen dute.
Ildo horretatik, euskararen kontrako salaketa horien atzean, euskara bere garairik ilunenetara itzultzea bilatzen dutela salatu zuen LAB sindikatuak: «CCOOk eta UGTk, lanpostuak euskararen eskakizunekin betetzeko trabak jartzen jarraitzen dute epaitegietan, enplegu publikoko hizkuntza eskakizunen kontrako salaketak eginez eta argudio gezurtiak eta guztiz euskarafoboak erabiliz. Bi sindikatu horiek bazka ematen diete epaile euskarafoboei, eta, PP-VOX eta PSE alderdiekin batera, euskara frankismo garaira eraman nahi dute, urratsez urrats eremu publikotik atereaz».
Horren aurrean, «euskara gehiago bultzatzea» eta «euskara kohesio sozialerako zubia izatea» aldarrikatu zuten. Besteak beste, honako neurri hauek proposatu zituen LAB sindikatuak: administrazio publikoan euskara eta gaztelania ezagutzeko beharra parekatzea, administrazioak erabat euskalduntzeko plangintzak adostea, erabiltzaileek euskara zerbitzu hizkuntza izateko duten eskubidea bermatzea eta pribatizatutako eta itundutako eremuetan, zerbitzua ematen duten enpresei euskara planak egiteko derrigortasuna ezartzea hizkuntza klausulen bidez.
Bestalde, EAJk Legebiltzarrean aurkeztu duen proposamenak «ahulezia egoera betikotzen duela» uste du LABek, «zerbitzu publikoak euskalduntzea zaildu» egiten baitu, «euskararen normalizazioan atzera egitea» erraztuz. Bide horretan, Tobarrek eskatu zion EAJri ausardia erakustea eta EH Bilduk Enplegu Publikoaren Legea aldatzeko egindako proposamenarekin bat egitea.
ELA: «NEURRI ZEHATZAK»
Ildo beretik, ELAk nabarmendu zuen «euskararik gabe kalitatezko zerbitzua ezin dela eskaini». Abenduan hasitako dinamikari jarraipena ematea dute xede. «Indarra hartzen ari dira epai eta diskurtso euskarafobikoak, eta, ezinbestean, guk beste norabidean egin behar dugu arraun, horretarako langileen eta gizartearen mobilizazioa ezinbestekoa izango da», azpimarratu zuen Igor Eizagirre ELAko ordezkariak.
ELAren ustez, «epai eta diskurtso euskarafoboek euskara bigarren mailako hizkuntzatzat kokatu duten honetan, ezinbestekoa da kontrako norabidea hartzea eta euskararen eta gaztelaniaren ezagutza parekatzea». Hori dela eta, agintariak eta alderdi politikoak interpelatu zituen ELAk: «Neurri zehatzak hartzea ezinbestekoa da. Une honetan, Eusko Legebiltzarrean eztabaidan dauden bi lege proposamenen aurrean, parekatze hori bermatuko duen eta Estatuaren esku sartzeetatik babestua egongo den legea behar dugu eta horren alde egitea eskatzen diegu legebiltzarkideei».
Hain zuzen, 115.000 langile publikoren kondizioak eztabaidatzeko, Mahai Orokorrean neurriak hartzeko orduan, «asmo gutxi erakustea» aurpegiratu zion ELAk Lakuari: «Mahai Orokorrean euskararen aurkako erasoak -Osakidetza, Ertzaintza edo Lanbide Heziketakoak, kasurako- erlatibizatu eta langileak euskalduntzeko neurriak hartzeko asmo gutxi erakutsi zuen Eusko Jaurlaritzak».

Irainak txapeldunari bere hizkuntza erabiltzeagatik

Un llamamiento a la esperanza en el último adiós a «Peixoto»

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes
