ANk berriro absolbitu du Iparragirre, Gorenak atzera epaitzeko agindu ostean

Auzitegi Nazionalak berriro absolbitu du Marixol Iparragirre euskal presoa; ETAk 1997ko uztailaren 21ean granadekin Oviedoko polizia-etxe baten aurka egindako atentatuan parte hartu izanaren akusaziotik errugabetu du, haren aurkako frogarik ez dagoelako, eta Estatu frantsesean gertakari horiengatik jada epaitu zutela ondorioztatuta. 2021ean emandako epaia berretsi du horrela.
Europa Pressek eskura izan duen epaiaren arabera, zigor arloko auzitegiak «Europan epaitu izanaren salbuespena» kontuan hartu behar dela jasotzen du. Eta horren ildotik adierazten du: «Epaiketako froga garrantzitsuenak aztertuta, ez da ondorioztatzen nahikoa froga dagoenik errugabetasun-presuntzioa ezerezean uzteko».
2025eko abenduko epai hau, hain zuzen, Auzitegi Gorenak 2023ko apirilean beste epai bat idazteko agindu ziola-eta iritsi da. Izan ere, Auzitegi Nazionalak 2021eko urtarrilean eman zuen epai hark «pitzadurak» zituela zioen Gorenak.
Bestalde, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak joan den irailean ondorioztatu zuen Iparragirre ezin zela Estatu espainolean epaitu Parisko auzitegi bereziek jada kondenatu zuten gertakariengatik. Baina Auzitegi Nazionalaren esku utzi zuen kasuan inguruabar hori gertatzen ote zen argitzea.
ANk Iparragirre ETAko arduradun zela zioen txosten bat aztertu du, inteligentzia zerbitzuena. Epaileen esanetan, dokumentu horrek «ez du ematen kanpoko berrespen kualifikatua, ahalbidetuko lukeena akusatuak Oviedoko atentatua agindu zuela edo hura gauzatzeko materiala entregatu zuela baieztatzea».

Grandes corporaciones han acogido a agentes de las «cloacas del Estado»

La marcha de Tubilla destapa la enorme marejada en las filas del PNV

Ordenaron parar citas con casos de Iztieta y hubo peticiones de silencio

«Necesitamos la foto más completa posible de la tortura sistemática»
