GARA
DONOSTIA

ELAk beste lau greba egun iragarri ditu Gipuzkoako erresidentzietarako

ELAk bilerara deitu ditu Gipuzkoako Batzar Nagusietako talde guztiak otsailaren 17rako. Gainera, otsailaren 26an eta 27an eta martxoaren 17an eta 18an greba egitera deitu ditu langileak.

ELA sindikatuko kideen agerraldia, greba egun gehiagoren berri emateko.
ELA sindikatuko kideen agerraldia, greba egun gehiagoren berri emateko. (Gorka RUBIO | FOKU)

ELA sindikatuak otsailaren 17an Lan Harremanen Kontseiluaren (LHK) Donostiako egoitzan biltzeko deia egin zien atzo Gipuzkoako Batzar Nagusietako taldeei, negoziazio mahaiko gainontzeko sindikatuekin batera. Gonbit hori egitearekin batera salatu zuen Gipuzkoako erresidentzien sektoreko negoziazio mahaian, duela urtebete baino gehiago osatu arren, patronalek ez dutela «inolako proposamenik egin prekaritate egoerari aurre egiteko». Hori dela eta, greba egun gehiago iragarri zituen sindikatuak: otsailaren 26an eta otsailaren 27an, martxoaren 17an, greba orokorrarekin bat, eta martxoaren 18an, sektorearen hobekuntzak aldarrikatzeko.

ELAk salatu zuen negoziazioa blokeatuta dagoen arren, ez duela bilerarik izan Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, ez eta aurrekontuen akordioa ahalbidetu zuten EAJ-PSE eta Elkarrekin Podemosekin ere. «Hain zuzen ere, aurrekontu akordioak jasotzen zuen ‘sindikatuekin behar beste bilera paralelo egingo zirela hitzarmena sustatzeko’ eta ‘lanpostuak egonkortu eta ratioak hobetzeko’», jakinarazi zuen sindikatuak.

ABIATUTAKO GREBEI JARRAIPENA

Zazpi egoitzatan greba mugagabean jarraitzen dutela gogorarazi zuen sindikatuak: Donostiako Txara II (Biharko Gipuzkoa), Villa Sacramento (Domusvi-Mitie), La Paz (GSR-Mondragon koop.); Errenteriako Sagrado Corazon (Eulen), Zumarragako Argixao (Gerozerlan-Matia), Zumaiako San Juan (Clece) -egoitzako langileek 88 greba egun daramatzate- eta Ordiziako San Jose (Zaintzen-Clece) -urtarrilaren bukaeran ekin zioten hauek greba mugagabeari-. Gainontzeko egoitzetan eta eguneko zentroetan berriz, hamasei greba egun egin dituzte.

ELAk salatu zuen Eider Mendoza diputatu nagusiak grebarako zerbitzu minimoak handitzea eskatu izana, «egoiliarren arreta egokia garrantzitsua» dela argudiatuta. Sindikatuak gogorarazi zion zerbitzu minimoak %90ekoak izateraino areagotu zituztela jada eta egoiliarren arreta egokia lortuko dela «ratioen hobekuntzarekin eta aurrekontuetan jasotako konpromisoei eutsiz». Halaber, eskua luzatu zion gatazkari soluzioa bilatzeko.