G.I.
HERNANI
PRIMATE

Txinpantzearen festa tragikoa

Sitgesetik eta Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astetik igaro ondoren, “Primate” zinema aretoetara iritsiko da, Johannes Robertsen thriller basati eta entretenigarria.

Premisa ezin sinpleagoa da, baina beldurrezko zaleentzat ezin aproposagoa: unibertsitatetik itzuli ondoren, Lucy bere familiarekin elkartuko da, Ben txinpantzea barne. Ben txikitatik izan dute maskota gisa, eta familiako kide bat da. Festa bat antolatu dute igerilekuan, eta Lucyk lagun asko gonbidatu ditu. Ben txinpantzeak, ordea, amorruz erreakzionatuko du, beste animalia batek hozka egin diolako; eta lasai hasi den festa izugarrikeria bihurtuko da.

Atmosfera klaustrofobikoa eta survival horror azpigeneroko elementuak erabiliz, ikusleak protagonista bezain harrapatuta sentituko dira igerileku hilgarri horretan. Filmaren asmo nagusia entretenitzea den arren, beste hausnarketa batzuk ere uzten ditu agerian: animalienganako tratua; gizakien eta beste espezie basatien arteko bizikidetza; eta oreka hori, hesi naturala hautsi denean, zein hauskorra izan daitekeen.

Orduak aurrera doazen heinean, txinpantzearen erasoek gizakien arteko tentsio emozionalak eta euren arteko loturak zalantzan jarriko dituzte.