Ane URKIRI ANSOLA
PILOTA

Bilboko Deportivon katramilatutako partida irauli dute Altuna III.a-Ezkurdiak

Jaka eta Iztuetaren aurka 2-11 galtzen hasi zen Aspeko bikotea, baina sakea berandu baino lehen berreskuratu eta Amezketako aurrelariak bere inspirazio guztia kantxaratu zuen, partida irabazteraino. Gainera, kanporaketak ziurtatu dituzte.

Jokin Altunak 13 tanto eginda bukatu zuen oker hasitako partida.
Jokin Altunak 13 tanto eginda bukatu zuen oker hasitako partida. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Egoera zailenetatik ere bizirik ateratzen dakitela erakutsi zuten Altunak III.ak eta Ezkurdiak. Beste behin. Amezketarrak ere horixe bera nabarmendu zuen ETBko kamera aurrean: «Kolpe latzak jasotakoak gara, esperientzia daukagu eta horrek lagundu egiten du horrelako egoeretan». Esperientzia ez ezik, kalitatea ere sobera daukate biek, eta amezketarraren magia-trikimailuekin 2-11ko kontrako markagailua estutu eta irauli egin zuten, 22-18 irabazteraino. Aurrean, gogor hasi baina gero deserosotasunean ezin moldatuta aritu ziren Jaka eta Iztueta. Tolosarrari, hain justu, Altuna eta Ezkurdiaren eskarmentua falta izan zitzaion azken txanpan. Azkenerako, Arbizukoak baino galdutako gehiago pilatu zituen -4 Ezkurdiak eta 7 Iztuetak-, eta, partida nola hasi zen ikusita, zaila zirudien sentsazio horiek okertzea.

Nafarrak huts egin zuen Jakaren lehen sakea eta horren ostean, Lizartzakoak opari bat egin bazuen ere, urdinek perfekziora eraman zuten beraien plana. Gorriek tematuta jarraitu zuten aurreko koadroetan, jokoa moztu nahian, baina Iztuetaren pilotakada gogorrekin topo egin zuten. Ezker horman gogotik sufritu zuen Ezkurdiak, eta ohartzerako bederatzi tantoko aldea eskuratu zuten urdinek (1-8), Altuna ere deseroso zegoela.

Iztuetak egindako beste opari batekin berreskuratu zuten sakea gorriek (2-9) eta, pilota aldatu bazuten ere, Altunak txaparekin topo egin zuen eta Ezkurdiak, ezker hormarekin (2-11). Maldan gora jarri zitzaien partida; urdinak, bestalde, beraien plana egikaritzen zihoazen. Atzelari tolosarrak txapara bota zuen 3-11koa, baina urdinek lan erdiak eginda zituztela gauzak asko hobetu behar zituzten gorriek markagailua estutu ahal izateko.

PILOTA MOTELA

Inflexio puntua izan zen. Pilota motelxeagoaren alde egin zuten, tantoak luzatzeko asmoz. Frontisetik ateratzea kostatzen zitzaion eta Jaka lekuz kanpo sumatzen hasi zen. 77 pilotakadako tantoaren ostean egin zuten laugarrena gorriek, Iztueta gogor estututa eta Lizartzakoa defentsa lanetara behartuta. 6-11koan iritsi zen Altunaren zigilua, gantxo ederrarekin, eta orduan bai, Jakari belarriak tentetu zitzaizkion. Erne egon beharra zeukaten. Txokoan hilda utzi, zabalean, gantxoa... Altunak bere ikuskizuna hasi eta partida berdindu zuen, 11-11.

Atsedenaldira, halere, urdinak joan ziren aurretik, Altunaren gantxoa Jakak eraman eta amezketarra ezustean hartuta. Ezkurdiak ere beste behin egin zuen topo ezker horma madarikatuarekin, baina ordurako atzeko koadroan indarrak orekatuta zeuden. Iztueta huts egiten hasi zen, Altunak dena asmatzen zuen bitartean. Jakari kosta egin zitzaion jokoan sartzea eta lau pilotariek akatsak trukatu zituzten 17ko berdinketara iristeko.

Txanpa erabakigarrienera konfiantzaz gainezka iritsi ziren Altuna eta Ezkurdia; atzetik aurrera eginda, aldarte baikorrarekin. Urdinak alderantzizko bidea egin zuten: hasieran aurkariaren hutsuneak ederki bilatu, eta azkenerako, zalantzaz beteta. Zalantza horiek itsututa ibili ziren, Altunaren inspirazioa argitzen zen bitartean.

Txokoan hilda utzi zuen amezketarrak, partidan lehen aldiz aurretik jartzeko (18-17) eta erakustaldiarekin jarraitu zuen, 22-18koan beste tanto ikusgarri batekin bukatzeko.

LAUGARREN POSTUA

Seigarren puntua batu zuten Altunak eta Ezkurdiak. Partida guztietan sufritu dute, baina azkenean kanporaketak jokatzeko txartela besapean dute. Laugarren postua ere eskura daukate, baldin eta hurrengo partida irabazten badute.

Larrazabal-Mariezkurrena bikotearen aurka neurtuko dituzte indarrak, Donostiako Atano III.enean, larunbatean (hilak 14). Gainera, aurreikusten da Jon Mariezkurrenak partida hori ez duela jokatuko, ostiraleko deman eskuina txikitu egin baitzuen, kolpe txar baten ondorioz -22-18 galdu zuten, Elordi-Zabaleta bikotearen aurka-. Oraindik erabakia hartu gabe dago eta jakiteko dago Berriozarkoaren lekua nork hartuko duen.