Jesus Maria ETXARRI, Beatriz ARANA eta Hodei GOÑI
Nafarroako AHT Gelditu
KOLABORAZIOA

Desjabetzearen aurrean, AHTaren mafia borrokatu!

Duela hilabete batzuk AHTaren aldeko plataforma bat eratu zen Nafarroan, foru komunitatean makroazpiegitura horren eraikuntza bizkortzeko. Bere helburu nagusia da Nafarroako zein Madrilgo gobernuen gaineko presio lobby gisa jardutea. Mafiak bezala, AHTaren Aldeko Plataforma da gaur egun Nafarroako abiadura handiko trenaren hariak itzaletik mugitzen dituena. Honako hauek osatzen dute:

Institución Futuro: garuna. Aznarren FAESen tankerako think tank bat, ideia ultraliberalen laborategia. Azken urteotan artilleria guztia erabili du Nafarroan AHTaren eraikuntza suspertzeko. Bere kideen artean ate birakarietan adituak diren politikariak, multinazionalei tokiko enpresak saltzen dizkietenak, multinazional handietako zuzendari zein kontseilariak... nabarmentzen dira.

Nafarroako Enpresarien Konfederazioa: beso betearazlea. Patronalaren interesak zainduz, Nafarroako langileen interesen aurka dagoen erakundea. Bere praktika mafiosoak direla eta, historian zehar behin eta berriz salatu dute hainbat sindikatuk.

3. Merkataritza Ganbera: aparatu legala. Azken hamarkadetan Nafarroako botere-elitearen funtsezko pertsonaia batek azken 34 urteetan etenik gabe zuzendurik.

4. Ingeniarien elkargoak: teknikari adituak. Ingeniarien elkargoek, batez ere Bide, Ubide eta Portuetako Ingeniarien Elkargoak, oso paper garrantzitsua jokatu dute plataformaren sorreran.

5. Trama zibila: legitimatzaile sozialak. Plataforma atxikimendu-kanpaina bat bultzatzen ari da. Horren helburua AHTaren eraikuntza jendartean legitimatzea da. Atxikimendu horien artean, Osasuna, Irache Kontsumitzaileen Elkartea, UGT... nabarmentzen dira. Atxikimendu horiek modu antidemokratikoan egin dituzte zuzendaritza-batzordeek, oinarrien iritzia kontuan hartu gabe.

Erakunde horiek Nafarroako enpresa-eliteen interesak ordezkatzen dituzte; izan ere, aurrekaririk gabeko krisi ekosozial globalaren testuinguruan, ez dute zalantzarik haien onura ekonomikoa eta bezero-sareak naturaren eta langile-klasearen bizi-baldintzen gainetik jartzeko, azken hau gero eta kaltetuago izanik bizitzaren garestitzeagatik, murrizketengatik eta pribatizazioengatik. Era berean, badirudi bosta axola zaiela AHTaren eraikuntzan gertatzen ari den muturreko lan-esplotazioa, Euskal Herriko obretan hamahiru langileren heriotza eragin duena; ezta mantentze-lan eskasagatiko Estatuko sarearen segurtasun-falta ere, Kordobako istripuan egiaztatu dena.

Elefante zuria azpiegitura alferrikakoak, suntsitzaileak eta inposatuak irudikatzen dituen nazioarteko ikurra da. Azpiegitura horiek, antzinako Thailandiako elefante zuriek bezala, mantentze-gastu gehiago eragiten dituzte sortu beharko lituzketen balizko onurak baino, eta, ondorioz, ustezko onuradunak hondoratzen dituzte. AHTa Euskal Herriko elefante zuririk handiena da, 12.000 milioi eurotik gorako kostuarekin, diru publikoaz finantzatuta. Xahuketa hori enpresa-mafiari eta nahi bezala maneiatutako klase politiko ustelari baino ez die mesede egiten.

Nafarroako AHT Geldituk otsailaren 21ean egingo den manifestazioan parte hartzeko deia egiten du. 12.00etan abiatuko da Iruñeko Diputaziotik, honako lelopean: “Desjabetzearen aurrean, AHTaren mafia borrokatu!”.