GARA
DONOSTIA

Zirimolak euskarazko plaza gehiago eta beka propioa izango ditu

Zirimola ikastolen aisialdi taldeak uda honetarako euskarazko aisialdi eskaintza «zabalagoa eta bidezkoagoa» aurkeztu du. Plaza gehiago eskainiko ditu, eta beka sistema propioa jarriko du martxan lehendabiziko aldiz, haur eta gaztetxo guztientzat eskuragarri izateko asmoz.

Ikastolen Elkarteko kideek atzo jakinarazi zutenez, euskararen egoerak «neurri ausartak» eskatzen ditu, eta Zirimolak «pauso sendoa» emango du. Udako aisialdi eskaintzarako euskarazko plaza kopurua nabarmen handituko du. Zehazki, iaz eskainitako 1.200 plazatik 1.680 plazara egingo du jauzi, eta euskarazko eskaintza %40 haziko da.

ARDATZA

«Plaza kopurua handitzea ez da eskaintza kuantitatiboa soilik: ikastolen mugimenduak haur eta gazteen aisialdia ere euskararen normalizazio prozesuaren ardatz estrategiko gisa ulertzen du», azpimarratu zuten.

Zirimolak beka sistema propioa jarriko du martxan, eta lehen urte honetan 50 plaza gordeko ditu zaurgarritasun egoeran dauden haur eta gaztetxoentzat, errenta maila edozein dela ere euskarazko udaleku eta egonaldietan parte hartzeko aukera bermatzeko.