Gaizka IZAGIRRE
HERNANI
HEATED RIVALRY

Sekretuak, maitasuna eta izotzaren gaineko lehia

Rachel Reidenen eleberrian oinarrituta, telesailak Shane Hollander (H. Williams) eta Ilya Rozanoven (C. Storrie) arteko harreman sekretu eta luzea kontatzen du. Hockey munduko izar nagusiak dira, aurkari diren bi talderen ikur, eta izotzaren gaineko lehiak urte luzez ezkutuan mantenduko duten lotura emozional eta sexual sakonarekin talka egingo du.

Norgehiagoka publikoaren zaratak eta intimitatearen isiltasunak elkar jotzen dute etengabe, tentsio iraunkor batean. Dualtasun horretan eraikitzen da telesailaren muina: kanpora begira erakusten den etsaitasuna eta barruan bizi den konplizitatea. Horri esker, «maitemintzen diren etsaien» eskema klasikoa gainditzen du “Heated Rivalry”-k.

Denboran zeharreko jauzien bidez egituratutako narrazioak protagonisten bilakaera pertsonala eta profesionala ehuntzen du, eta argi erakusten du nola denboraren joanak, etengabeko begirada mediatikoak eta errendimendu handiko kirolaren exijentziek haien erabakiak etengabe moldatzen dituzten. Iraganaren eta orainaren arteko joan-etorriak sakondu egiten du pertsonaien barne gatazketan, eta ikusleari aukera ematen dio presio publikoaren eta intimitate pribatuaren arteko tentsioa ulertzeko.

Telesailaren alderdirik ausart eta adierazgarrienetako bat queer sexualitatearen tratamendu esplizitu eta zuzena da. Probokazio huts gisa ulertzetik urrun, eszena intimoek funtzio narratibo sendoa betetzen dute: desioa pertsonaien garapen emozionalaren ardatz nagusi gisa aurkezten dute, gizatiarra, kontraesanez betea eta zaurgarria.

Ildo horretan, telesailak queer sexualitatearen irudikapen esplizitu baina zentzuzkoa eta ospatzeko modukoa eskaintzen du, naturaltasunez txertatutako eszenen bidez, kontakizunaren logikarekin guztiz bat eginda.