Hegoi BELATEGI
DONOSTIA
Interview
Tony Merlan
Euskadi-Cuba elkarteko kidea

«1990eko hamarkadako egoera baino larriagoa da oraingoa»

Venezuelaren aurkako erasoaren ostean, Kuba jarri du jomugan Donald Trumpek, eta hara petrolioa heltzea debekatu du. Horrek eragin zuzena du kubatarren egunerokoan. Euskadi-Cuba elkarteko Tony Merlanekin hitz egin du NAIZ Irratiak.

(GARA)

Hogei bat urte daramatza Tony Merlan kubatarrak Euskal Herrian bizitzen. «Bizitza eta familia egitera» etorri zen, ikasketak Kuban egin eta hemen homologatu ostean. Ondoren, euskara ikasteari ekin zion eta Euskadi-Cuba elkartera batu zen Merlan. «Ahal denean guk defendatzen ditugun ideiak zabaltzen eta Kuba laguntzen saiatzen da elkartea», azaldu zuen atzo NAIZ Irratian eginiko elkarrizketan. Kezkatuta agertu zen herrialdearen egoeraren inguruan.

Nola dago zure ingurua Kuban?

Oso larria da egoera. Orduak eta minutuak pasa ahala egoerak okerrera egiten du. Ni Santa Clara hirikoa naiz. Bertatik gertu Kubako petrolio findegi handiena dago, Cienfuegosen. Aspalditik ez du petrolio gordinik jasotzen eta ez du ekoizten garraiorako beharrezkoa den erregairik. Arazoa ez da gaurkoa, Trumpen lehen agintaldian 243 neurri ezarri zituzten Kuba itotzeko. Oraindik ere indarrean daude eta, orain, Venezuelako erasoaren ondoren, areagotu egin dira. Venezuelak hornitzen zuen Kuba eta hori moztu nahi dute, Maduro bahitu baino lehenagotik. Ontziak lapurtzen hasi ziren eta Kubara ez zen petrolioa heltzen. 1990eko hamarkadan Kubak gabezia zer zen ikasi zuen. Une hauetan ez dago hegazkinentzako erregairik, argindar falta ere nabaritzen da eta okerrera egingo du. Ez dago anbulantzientzako, lanera edo eskoletara joateko erregairik. 1990eko hamarkadan ez zen dena desagertu, erregaia bazegoen. Orain ez da egongo.

Venezuelarekin harremana berreskuratzeko aukerarik ikusten duzu? Nola daude harremanak?

Medikuak daude lanean Venezuelan. Mexikon ere bai. Hasieran trukea ez zen diruarengatik, erregaia jasotzeko baizik. Politikoki laguntzeko jarduera zen. Merkeago jasotzen genuen petrolioa. AEBkoek bazekiten hori zegoela eta horren kontra egiten zuten, medikuei AEBra joateko dirua eskaintzen, adibidez. Oraingoan, Delcy Rodriguezek edo dauden agintariek bere hitza bete behar dute. Ezin dituzte kontratuak apurtu. Trumpek indarrez berea inposatu du. Hala ere, Kubak ez du men egingo, eta petrolio tantarik ez jasotzea nahi dute. Bai Mexikok bai Venezuelak emandako hitza bete beharko dute. Harreman historikoa dugu baina zaila izango da aurrekoa mantentzea, gerraontziak ez direlako joango.

Trumpi aurre egin dion bakanetakoa Claudia Sheinbaum da. Baina momentuz laguntza humanitarioa baino ez du bidaltzen Kubara, petrolioaren bidalketa mantendu nahi duela esan badu ere. Nola ikusten duzu?.

Sheinbaumek adoretsua dela frogatu du. Trumpen muga zergei aurre egin zien. Tropak bidaltzearen asmoari ere aurre egin zion. Emakume tinkoa da eta bere hitza mantentzen du. Itxaropentsu nago bere jarrerarekin, baina zaila ikusten dut. Venezuelan Maduro bahitu zuten eta ez dira gelditzen. Baina Sheinbaumek zerbait lortuko du. Hori espero dugu.

Urtetan Kubaren kontra mantendu duen blokeoa setio bilakatu nahi du orain Trumpek. Janaria eta energia jendeari kenduz altxamendu baten bila dabiltzala uste duzu?

Antzinako ametsak dira horiek. Presidente guztiek egin dute saiakera. Orain, Marco Rubioren laguntzarekin berriro saiatzen ari dira. Legeak sortu dituzte, kalte egiteko muturra sartu dute, beti Iraultzari kalte egiteko eta sozialismoa eredu txarra dela adierazteko. Baina 1990eko hamarkadatik atera ginen eta hurrengo urteetan irribarrea itzuli zitzaigun, turismoari esker. Libre uzten bagaituzte kapaz gara aurre egiteko. Kultura eta intelektualitate maila altuak dira. Hori ikusita, gezurretan eta neurriekin erasotzen digute inoren laguntza ez izateko. Mertzenarioen bitartez zerbait egitea lortu zuten duela urte pare bat, baina herriak berak aurre egin zien. Hori ez da argitara ematen, baina Kubako telebistan eta egunkarietan agertzen da. Kubatarrentzat argi dago nola aritzen diren eta prest daude borrokatzeko.