G.I.
HERNANI
NO OTHER CHOICE

Park Chan-wook bueltan da

Nazioarteko jaialdi garrantzitsuetan parte hartu eta sari eta izendapen ugari jaso ostean, Park Chan-wooken unibertso pertsonala eta oso berezia berriz ere gure zinemetan izango da “No Other Choice” filmari esker. Filmak berretsi egiten du zuzendariak bere burua etengabe berrasmatzeko duen gaitasuna, bere lanaren ezaugarri izan diren gaiak eta forma lerroak baztertu gabe. Oraingo honetan, thriller kutsuko komedia beltzean murgilduko da egile korearra, satira eta gehiegikeria erabiliz, lan merkatuaren egiturazko indarkeria eta kapitalismoaren deshumanizazioa erretratatzeko.

Abiapuntua hauxe: enpresa berean 30 urtez aritu ondoren kaleratu duten gizon bat, sistemaren engranajean berriro sartzeko ezintasunaren aurrean. Lehiaren logika muturreraino eramatea erabakiko du, biziraupena joko ergel eta krudel bihurtuz. Kontakizun sozial errealista izan zitekeena fabula garratz eta zirraragarri bilakatzen da Parken eskuetan, eta umore beltzak, biolentzia estilizatuaren eztandak eta eszenaratze milimetrikoak etengabeko tentsio dramatikoa ehuntzen dute.