GAIZKA IZAGIRRE
HERNANI
O AGENTE SECRETO

Brasilgo diktadura militarraren itzalpean

Kleber Mendonça Filho zinemagilearen “O Agente Secreto” lan berriak nazioartean ibilbide aparta egin du, azken urteetako Brasilgo film aipagarrienetako bat bihurtzeraino. 1977an gertatzen den thriller politiko oso berezia da, Brasilgo diktadura militarraren itzalpean girotua.

Filmak Marceloren istorioa kontatuko du, Wagner Mourak antzeztua. Marcelo São Paulotik Recifera itzuliko da, inauterien erdian, semearekin berriro elkartzeko eta iragan konplexu batetik ihes egiteko asmoz; laster, ordea, ohartuko da gertutik jarraitzen diotela. Hiria ezinbesteko eszenatoki bihurtuko da, itxurazko askatasunaren eta Estatuaren kontrol itogarriaren arteko tentsioa etengabe azpimarratuz. Bere bizitza berreraikitzen eta gehien maite duena babesten saiatzen den heinean, Brasilgo gizartean oraindik lozorroan dauden mamu politiko eta sozialei aurre egin beharko die.

Filmak neo noir generoaren, suspensearen eta errealismo historiko gordinaren elementuak uztartzen ditu, eta ez du bakarrik norbanako baten jazarpena aztertzen; oroimenaren konplexutasunak, belaunaldien trauma eta erregimen autoritario baten aurreko erresistentzia ere arakatzen ditu. Garai historiko bat zehaztasunez berreraikitzeaz gain, gogoeta sakona egiten du askatasunaren prezioaz, identitateaz eta historiak gizabanakoengan uzten dituen aztarna ezabaezinez.

SARIAK ETA IZENDAPENAK

Iaz estreinatu zen Canneseko 78. jaialdiko sail ofizialean, eta, proiekzioa amaituta, hamahiru minutuko txalo zaparrada jaso zuen. Hain zuzen, Cannesen, filmak sari garrantzitsu ugari lortu zituen: zuzendari onenarena, Kleber Mendonça Filhorentzat; aktore onenarena, Wagner Mourarentzat; eta Nazioarteko Kritikaren Fipresci Saria. Urrezko Globoei dagokienez, filmak bi sari lortu ditu, eta 2026ko Oscar sarietan, lau izendapen: film onena, ingelesez besteko film onena, aktore onena eta casting onena.