Martxoko Ipar Euskal Herriko udal hauteskundeetako funtsezko zenbakiak
Ofiziala da, atzera bueltarik gabekoa: udal hauteskundeetarako kanpaina martxan da. Zerrenda guztiek, datorren martxoaren 14ra arte, hauteskundeen lehen itzuliaren bezpera arte, daukate aukera euren programak aurkezteko. Jarraian, Mediabaskek argitaratu dituen funtsezko zenbaki eta gako ugari aurtengo hautagaitzen inguruan.

Datorren martxoaren 15ean lehen itzulia eta 22an bigarrena, udal hauteskundeen lehia hasi da Ipar Euskal Herrian. Komeni da, lehiaketa eta lehiakideak hobeki ezagutzeko, gako nagusiak kopuru argietan ematea.
160 •
Hori da Ipar Euskal Herriko lurraldean udal hauteskunde hauetan botoa ematera deituak diren udalerrien kopurua. Euskal Hirigune Elkargoa osatzen duten 158 udalerriei beste bi gehitu behar zaizkie, Zuberoako Jeztaze eta Eskiula.
2.374 •
Ipar Euskal Herriko boto zenbaketaren ondoren hautatuko den zinegotzi kopurua. 2020an, 2.476 aulki zeuden jokoan.
224 •
Ipar Euskal Herrian aurkeztuko den zerrenda kopurua. 2020. urtean, udalerri txikietan panachage delakoa -botoa zerrenda ezberdinetako hautagaien artean banatzea posible egiten duen hauteskunde sistema- indarrean zegoen, eta 100 zerrenda aurkeztu ziren 1.000 biztanle baino gehiagoko 41 udalerritan. Egun sistema hori ez dago jada indarrean.
4.048 •
Lehen itzuliko zenbaketara Ipar Euskal Herriko 160 udalerrietan aurkezten diren hautagaien kopurua. 2020an 4.291 aurkeztu ziren. Hautagai kopuruaren jaitsiera esanguratsua da; nagusiki, 1.000 biztanle baino gutxiagoko udalerrietan botoak zenbatzeko sistemaren aldaketak (panachage-aren amaiera eta zerrendetan parekidetasuna izan beharra) eragindakoa.
113 •
Zenbaketa baino lehen beren hautetsiak ezagutzen dituzten udalerrien kopurua. Udalerriotan zerrenda bakarra aurkeztu da. 2020an, 103 udalerri izan ziren.
44 •
Hautesleek erabakitzeko aukera izango duten udalerri kopurua. Udalerriotan gutxienez bi zerrenda izango dira lehian.
14 •
Bigarren itzulia posible den udalerrien kopurua. Udalerriok Biarritz, Baiona, Bokale, Angelu, Hendaia, Urruña, Kanbo, Senpere, Maule, Beskoitze, Azkaine, Arbona, Donibane Lohizune eta Getaria dira.
%28,57 •
Emakumeak zerrendaburu dituzten hautagaitzen ehunekoa. 224 zerrenden artean, 64. 2020an, 1.000 biztanletik gorako udalerrietan: %22.
232 •
Udalerri bakar batean, Baionan, aurkeztutako hautagai kopuru handiena, 45 eta 47 zerrendakide dituzten 5 hautagaitzatan banatuta. 2020an, Biarritzen 245 hautagai izan ziren, 35 zerrendakideko 7 hautagaitzatan banatuta.
53 •
Zerrendaburu gisa aurkeztuko ez diren alkateen kopurua. 2020an, 43 ziren.
15 •
Bi zerrenda aurkeztuko diren 1.000 biztanle baino gutxiagoko udalerrien kopurua. Zehazki: Erango, Berrogaine, Lekuine, Sarrikotapea, Ezpeize-Ündüreine, Irisarri, Irulegi, Izpura, Landibarre, Aldude, Ozaze-Zühara, Donamartiri, Arrosa, Atharratze-Sorholüze eta Bildoze-Onizepea.

«Unea da kulturgintzan sortutako kontraesanei aterabide bat emateko»
Es sencillo: siempre queremos que gane nuestro equipo, y en todo caso un vasco
17 de marzo, huelga general

«Intentaremos acercar el Consistorio a la ciudadanía todo lo que podamos»
