Gaizka IZAGIRRE
HERNANI
JEAN VALJEAN

Erredentzioaren hasiera

Eric Besnard zinemagileak zuzendutako filma da “Les Misérables” laneko protagonista enblematikoaren (Jean Valjean) lehen urteak aztertzen dituena. Pelikula, ororen gainetik, giza arima hautsiaren azterketa da. 1815. urtean girotzen da kontakizuna. Kartzela zigorra bete ondoren, Valjean gizartearen gaitzespenak markatuta geratu da, noraezean, harik eta elizgizon baten, haren arrebaren eta neskamearen etxean babesa aurkitzen duen arte. Aldi baterako babesgune horretan, bere existentziako bidegurutze garrantzitsuenari egin behar dio aurre: nor izan nahi duen erabakitzea, iraganaren zama atzean utzita, bere buruari aukera berri bat ematea.

Besnardek hizkuntza zinematografiko soila eta kontenplatiboa hautatu du, narrazioaren oinarri gisa isiltasuna eta behaketa erabiliz. Eszenaratzea itxura latzekoa da, eta planoek inguruneak duen gogortasuna nahiz 1815eko herrialdeko pobreziaren eguneroko errealitate gordin eta xumea azpimarratzen dituzte. Hautu horrek atmosfera trinko eta gogoetatsua sortzen du, ia alegia moral baten moduan eraikia. Kamera aurpegietara eta isiluneetara hurbiltzen da maiz, Valjeanen barne gatazka xeheki agerian uzteko eta haren eraldaketa emozionala sotiltasunez azpimarratzeko. Erredentzio istorio honen alderdirik nabarmenetako bat, zalantzarik gabe, garaiko girotze sinesgarria eta zaindua da.

Hala ere, egitura narratiboa zurrun samarra da, eta tonu klasikoak nolabaiteko distantzia sortzen du.

Tonua, oro har, kontenplatiboa da eta erritmoa, geldoa; narrazioak pazientzia eskatzen du. Dena den, ikusleak obraren proposamen lasaiari heltzen badio, muga horiek gaindituta, film interesgarri eta sakona aurkituko du, barne eraldaketaren eta giza duintasunaren inguruko hausnarketa baliotsua eskaintzen duena.