Hiltzearen negozioa
Goizeko seiak dira, larunbata. Loari ezin eutsiz, aspaldian buruan bueltaka dudan gai baten inguruan idaztea erabaki dut. Amaren heriotza gertatu eta gero, ukitu gabeko ertz bat, tabu bat. Zauria itxi eta meloiak ireki. Hemen doa beste bat, dastatu nahi edo ahal duenarentzat: hiltzearen negozioa.
Ez dakit nori eta zein unetan −Mendebaldeko gizon zuri hetero kapitalista bati, seguruenik− gizakion momentu eta behar kritikoenaren aurrean negozioa egitea okurritu zitzaion, baina bete-betean «asmatu» zuen. Gizartea geroz eta zaharkituagoa den honetan, etekin ekonomiko izugarriak sortzen dituen sektorea da. Biribila. Hego Euskal Herrian 114 milioi euro inguru fakturatzen duen industria (monopolio ezkutua) da, biztanleen erdiek heriotza-aseguru bat kontratatuta dutelarik.
Hileta zerbitzuen batez besteko kostua 3.800 eurokoa da eta hil ondorengo papeleoa −asistentzia legala eta ondasun edo zorren izen aldatze minutak− beste horrenbeste. Ba 6.000-7.000 euro inguru kostatzen da hiltzea, lagunok. Ordaindu ahal duenarentzat behintzat.
Egoera hau oso larria iruditzen zait, baina oro har isilpean daramagu. Bakoitzak ahal duen bezala, zaratarik atera gabe, hil denaren «bakea» profanatu ez dezagun. Izan ere, heriotza zerbitzuak erosten ditugunean −bai, erosi− gure egoera emozionala kolokan izaten dugu, arrazionalki pentsatu eta erabakiak hartzeko zailtasun nabarmenekin. Itsu-itsuan aurrean jartzen diguten guztia sinatu eta ordaintzen dugu, «tragoa» ahalik eta azkarren pasatzeko asmoz, mina noiz baretuko itxaropenez. Eta hau guztia, zu eta kapitalismoa aurrez aurre, inongo babes administratiborik gabe, instituzioen utzikeria konplizearen biktima zarela.
Ez pentsa kudeaketa hauek, gainera, gauetik egunera egiten direnik; nire kasuan, behintzat, urtebete inguru itxaron behar izan dut burokraziak bere lana guztiz bete dezan. Abokatu, katastro eta ogasunaren denborak zure denbora bitalaren kontra egiten du, doluaren orbaina noiz atera zain.
Nik zorte handia izan dut amak zentzu horretan aurreratutako lanengatik, ondoan izan ditudan senide eta lagunengatik... Baina egoera hau ez da berdin lehertzen etxe guztietan. Abagune askoz ere zaurgarriagoan dauden herritarrek honi guztiari nola aurre egiten dioten galdetzen diot askotan nire buruari. Lokatza.
Pertsona baten galera ezin da negozio bilakatu; momentu hain berezi eta konplikatuetan ezin du merkatuak agindu. Besteak beste, ez garelako denda baten aurrean askatasunez aukeratzeko gai den kontsumitzaile hotza, psikologikoki baldintzatua eta gutxitua dagoen gizaki hauskorra baizik.
Ezin dugu onartu. Honek guztiak goitik beherako eraldaketa bat behar du. Uste dut enpresa publiko batek kudeatu beharko lituzkeela gure gertukoak agurtzeko eta haien lekukoa hartzeko prozedura guztiak. Doako zerbitzu minimo eta duina bermatu beharko lukete instituzioek. Eta hortik gora, behar bereziagoak dituztenei beren errenta eta ondasun ahalaren arabera kobratu. Eta beste guztia, legez kanpoko iruzurra. Punto.

Harro agertu da euskararen aurkako helegiteak bultzatu dituen taldea

«Oso ordenatua izan naiz beti eta hori izan da nire gaitasun nabarmenena»

EH Bai destaca el notable aumento de alcaldías abertzales de izquierda
