Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Lurrez, itsasoz eta airez

Korrika, Korrika! Denboratxoa hartu dut pasa den asteko egunkariei gainbegirada arina emateko. Eta zera irakurri dut, gainetik bada ere, beheko Estatuan izanez militarra baina izenez zibila den guardia zer horrek operazioa burutu zuela orain gutxi Oria ibaiaren behealdean. Zertara eta legez kanpoko angulen trafikora zuzenduta, antza. Pentsatu behar dut legez kanpokoa dena trafikoa dela, ez angula bera, baina hamaika ikusteko garenez! Tira, harira! Segituan pasatu zait irudia burutik, angulak erakunde zer horrek Urumea ibaiaren behealdean oraindik duen kuarteleko sotoko bainuontzietan sartuta... zain. Ekonomia zirkularraren adibide ote? Kapaz!

Korrika, Korrika! Non nintzen ni? A, bai! NATO beste zer horretan! «40 urte eta gero hau» ageri zen garai bateko hormetan, bestelako efemeridean. Eta orain beste 40 urte ozeano guztiak Atlantikoaren adar hartzen dituen erakunde-itun zer horri ezetza eman genionetik. Hortaz, zelakoak garen ezkertiarrak, kosta egiten zaigu errealitateaz jabetzea, benetan, aurreikuspen murritzekoak gero, miope politikoak! Guk NATOren kontra egin nahi eta, hara!, zeinek eta Etxe Zuriko apo handiak berak akabatuko du Itun hori, isunen bidez bada ere. Ama, ama! Mundu konplexua gero!

Korrika, Korrika! Eta Jaurlaritzan jelkideak eta sozialistak elkar mokoka, hauteskunde zikloaren beroketa aldian. Lurrez, itsasoz eta airez. Izan Donostiako sator-trenaz, izan Pasaiako portuaz, izan hemengo aireportuez. Ama, ama, hamaika entzuteko gara! Hara! Kontsumoko prezioen indizea kalkulatzeko ahuakatea sartu berri dute, beheko Estatuan. Ia zer dioen mugimendu sozialistak! Tira, egingo diot lekua ortuan... ahuakateari. Eta bitartean, hemengo bideetan Korrika, Korrika! Beste batzuk moketetan kurrinka! Biodibertsitate halakoa!