Jose Ignazio ANSORENA
KOLABORAZIOA

Amonaren aholkuak

Herriko festetara abiatzekotan dira etxeko gazteak eta amona atera zaie atarira:

−Ongi pasa, gazteok!

−Eskerrik asko, amona.

−Eta zintzo ibili! −batek burua jiratu eta irribarrez esan dio:

−Amona, zertan geratzen gara?

Amonak eskatu bezala, ordea, bizitzan zintzo aritzea eta ongi pasatzea batera daitezke. Areago, hortxe dago benetako poztasunaren oinarri eta gakoa. Ez da erraza, pertsonak horrelako buztinez eginda gaudelako, non eta nola gauden, honekin edo harekin amorrua piztu eta harrapatzen gaituelako eta denok dugulako barruan egozentrismoaren harra dei engainagarri eta ugariak egiten.

Har horri jarraituz iritsi gara mundu osoan Negozioa aberri dutenen eskuetan guztiz izatera. Gerra Negozioa da, bai eta janari, jantzi eta botiken beharra, Internet eta adimen artifiziala ere, libertatea Negozioa da, eta futbola zer esanik ez. Jainkorik ote den ikustea gero eta zailago den munduan, Negozioa da benetako Jainkoa eta Jainkoa erabiltzen da Negozioa egiteko. Hortxe ageri dira eliza ebanjeliko hainbaten artzain aberatsak (ebanjelikoak?) Trumpen inguruan otoitz egiten Naranjitoarengatik. Negozioa.

Umetan, eskuko hatzetan, txikitik hasirik eta txandaka helduz, egiten ziguten jolas hura gogora datorkit: «Honek arrautza bat erosi zuen, honek egosten jarri, honek gatz apurra bota zion, honek pixkatxoa probatu eta potolo lotsabako honek... den-dena jan zuen». Haurrentzako herri ipuinek nolako irakaspenak dituzten. Arrautzarenak ere badu berea. Eta, gizakien ohiko harrotasunez, oiloa, ondasun horren jatorria, ez da aipatzen.

Hitz gutxitan, oiloa, hatz txikia, nagia eta luzea soilik lan egiteko daude eta jarrai dezaten gutxienekoa ematen zaie. Ipuinean hori ere ez. Erakusleak, nagusiaren gertuko kolaboratzaileak, eta zurrupatzaile nagusi potoloak jaten dute arrautza. Gure aukera da zein izan nahi dugun. Askok potoloa izan nahi eta, jakinik oso gutxi iristen direla horra, prest izaten dira beste guztiak sakailatzeko.

Zientzialariek ondorioztatu dute nekazaritza tradizionalaren lur iraultza ez dela komenigarria, besteak beste, lurraren egitura hautsi eta higadura edo erosioa handiagotzen duelako. Historiak erakutsia badakigu, muturreko egoeretara iritsita, iraultza edo porrota izan direla gizarte ereduen aldaketa handiak abiatzeko bideak. Baina, naturan bezala, sozietateetan iraultzek ez dute on handirik ekarri izan: sarraski handiak, errebote eraginak, ondorengo diktadura luzeak... Alegia, porrotera iristea da irteera bakarra.

Komunismoaren porrota, diote, XX. mendearen amaieran iritsi zen, Berlingo hesia apurtu zenean. Laster dator demokrazia liberala/merkatu sozietatea deitzen den ereduarena ere. Saiatu beharko dugu krudelegi izan ez dadin, hainbat kontrakoan tematuta badaude ere. Porroten hondamendietatik, ordea, atera daitezke osagarri baliotsuak txabola berria eraikitzeko. Komunismotik bada ikasketa sakona: unibertsoan dagoen oro berton bizi garen guztiona da, eta hortik gure gorputzak eta gogoak elikatzeko eskubidea denona da. Oiloak eta hura janaritzeko sortzen diren artoak, lurrak eta urak ere eskubideak dituzte. Demokrazia liberal eta merkatu sozietatearen eredutik bestelako ondorioak atera dira: botere handiegia esku gutxitan biltzen denean eta trukeak justuak ez direnean ez da benetako libertaterik, itxurazalekeria baizik.

Itxurazalekeriak hitzik ederrenak izaten ohi ditu, baina ez du maiz errealitate onena gordetzen. Patxi Ezkiaga euskal poetaren adibideak balio du. Poetaren zenbat miresle eta adiskide geratu ziren zapuztuta egia ezagutzean. Egia da oso erraza dela iruzur egitea. Politikari, adiskide, lankide edo enpresako sozio askorekin fidatuta, nolako engainuak jasotzen diren. Hobe engainatua izatea, engainatzailea baino. Baina, bestelako arrazoiak alde batera utzita, berandu eta trakets ibili dira oraingo salletar fraideak, haren biktimei eskatutako erreparazio osoa eskaintzeko. La Salleko San Juanek negarrez egingo zukeen horrelako egoeran.

Juduek eta kristauek irakurtzen ditugun salmoetan eta kristauon ebanjelioetan sarri agertzen zaigu gonbita: «Ez gogortu zuen bihotzak». Ez du ematen Netanyahuk eta trumpzale ebanjeliko kuadrillak irakurri dutenik.

Hala ere, zintzoak izan eta ongi pasa. Gerrarik ez.