Eman arnasa euskaldunoi
Egun arrunt bat Bilbon. Lanera, kiroldegira, zinemara, tabernara edo medikuarenera joan, eta ezin. Ezin euskaraz egin. Lankideekin erdaraz egin behar, spinningeko entrenatzailearen aginduak erdaraz jaso, zineman aukeratzeko film guztiak erdaraz, medikuak erdaraz eginarazi eta tabernariak kafesne bat zer den ulertu nahi ez. Arrunt bihurtu da normala ez dena: euskaldunok ezin dugu euskaraz egin, ezin dugu arnasarik hartu etengabe erdarara makurtzen gaituen hiri honetan.
Hori salatu genuen abenduaren 3an milatik gora lagunek Bilbon: Erdalduntze Makina martxan da eta gelditu beharra dago. Manifestaziotik hiru hilabete pasa dira, ordea, eta Erdalduntze Makinak dena emanda jarraitzen du lanean, hiri honen bazter guztiak kutsatzen, euskaldunak itotzen egunero.
Zorionez baditugu Bilbon arnasgune apur batzuk, eta hor bai, hor arnas dezakegu lasai, kutsaduratik salbu. Baina arnasgune horiek oso urriak dira, eta hainbat oztopori egin behar diote aurre, izan ere, ito dira haietako asko, Prest edo Uriola, kasurako. Dena den, ezin da arnasguneen ardura izan euskaldunontzat eremu seguruak sortzea, euskaldunon eskubidea da arnasa hartu ahal izatea, Bilbo osoa eremu seguru izatea guretzat.
Esaten digute euskaraz egitera animatu behar dugula, ez dugula egiten. Euskaldunok ez dugu animorik behar, guk aukerak behar ditugu, eskubideak, finean. Eta horiek ezin dizkiogu geure buruari eman, horrek beste hizkuntza politika batzuk eskatzen ditu. Euskaldunok bagabiltza arnasguneak sortzen, euskaraz bizitzeko esparruak garatzen, baina hortik kanpo dena da kea, dena da arnastu ezina, dena da Erdalduntze Makina.
Datozen aste eta hilabeteetan ekimenak egiten jarraituko dugu. Batetik, arnasgune txiki berriak sortzen jarraituko dugu, kulturaren plaza eta bestelakoen bitartez; eta, bestetik, Erdalduntze Makina salatzen jarraituko dugu, ez digutelako euskaraz bizitzen uzten, eta uzten ez digutenek izena eta ardura dituztelako.
Erdalduntze Makinak kutsatutako Bilbo bat daukagu, eta iraganean airea eta ura deskontaminatzeko erabakiak hartu ziren moduan, erdalduntzearen kea garbitzeko erabakiak hartzeko unea da. Bilboko euskaltzaleok ikasi eta asmatu izan dugu indarra eta arnasa ematen diguten espazio eta ekimenak sortzen, eta horiek indartu edo biderkatu ezean, nekez urratuko dugu Bilbo janzten duen ke laino grisa. Espazio, kolektibo eta eragile sozialen esku ere badago itotzen gaituen kea desagerrarazteko indarra egin eta euskaraz bizitzeko hautua egitea, euskaraz programatzekoa, euskaraz komunikatzekoa, euskaraz funtzionatzekoa, Bilbao Bilbo bihurtzekoa, askoren hautuak euskaldunon aukerak biderkatuko dituelako. Euskarari arnasa emango dioten bideak eta bidelagunak behar ditugu.

«Oso ordenatua izan naiz beti eta hori izan da nire gaitasun nabarmenena»

Vuelco en la Ertzaintza: Euspel gana y rompe con 20 años de hegemonía

EH Bai destaca el notable aumento de alcaldías abertzales de izquierda

«Aroztegiaren borroka irabazita alferrik da literaturatik jarraitzea»
