Amaia EREÑAGA
ONDARROAKO ONTZI ENBLEMATIKOA ZAHARBERRITU DU ITSASMUSEUMEK

«Gure señoriti», arrantzak utzitako arrastoaz harro

«Nuevo Anchústegui» arrantza ontziak ondarroar doinuko izengoiti dotorea du: «Gure señoriti». Egin zaion zaharberritze zientifikoaren ostean eta bere jantzi ederrenak harro erakutsi nahiko balitu bezala, Itsasmuseumeko dike historikoan dago ikusgai, ateak zabalik belaunaldi berriei. Jakintza tradizionalaren gordeleku baita.

Ezkerretik eskuinera, Juan Antonio Apraiz eta Antxustegi lehengusuak: Sabin, Arantza, Karmele eta Jon.
Ezkerretik eskuinera, Juan Antonio Apraiz eta Antxustegi lehengusuak: Sabin, Arantza, Karmele eta Jon. (Oskar Matxin Edesa | FOKU)

Bermeon jaiotako Juan Antonio Apraiz Koiote merkataritza itsasgizona da. Gai nautikoen ikertzailea eta dibulgatzailea, euskal itsas kulturaren ikerketan erreferentea da. «‘Itsasoari bizkar emanda’ bizi gara topiko bat baino gehiago da. Gure itsas historia zabalaren garrantzia gorabehera, itsas ondarea da, zalantzarik gabe, gainditu gabeko irakasgaietako bat», irakurri diogu “Nuevo Anchústegi” -Gure señoriti, etxekoentzat-, ontziari buruz 2023an Itsasmuseumen egin zen erakusketarako kaleratu zuten katalogoan. Bilboko itsasadarrean errotutako museoan gaude, Manu de la Sota kaian, eta “gaztetuta” dirudien Ondarroako “Nuevo Anchústegi” ontzia dugu aurrean. Antxustegitarren ordezkaritza zabala dago, zaharberritze lanetan parte hartu duten 70 bat boluntarioetako eta talde teknikoko kide ugari gerturatu dira bertara. Eta hemen dago Apraiz ere. Zur eta lur utzi gaitu minutu batzuk lehenago: XX. mendea baino lehenagoko euskal itsasontzi tradizional guztiak desagertu dira. Akabo. Txikituta, ahaztuta, zokoratuta... arrastorik gabe.

Horregatik da aurrean duguna hain berezia. «50eko hamarkadaren amaierako kostaldeko arrantzaren adierazgarri eta gaur egun Bizkaian kontserbatzen den tamaina handiko baxurako ontzirik zaharrena da», dio Jon Ruigomez Itsasmuseumeko zuzendariak. «Balio historiko, tekniko, sozial eta kultural handiko pieza da. Beraz, arrantza tradizioaren eta erriberako arotzeriaren lekukoa da, baina baita kostaldeko komunitateen memoria kolektiboaren sinboloa ere». Jon Ispizuaren gidaritzapean eta Erain proiektuaren esparruan, azken urteotan ontziaren zaharberritzea garatu du museoak. Garatu, dokumentatu eta beste historiagileen esku jarri da egin diren lan hauetan guztietan ikasitakoa.

Kolektibitate baten lekukoa da; baita familia baten memoria ere. Sabin Antxustegi Aristondo, ontziaren azken patroia: «Guretzat ama da, gure ama. Hor [ontzian] jendea dago, euren bizitza aurrera eramaten. Ez da bakarrik ontzi bat, horren atzean dagoen guztia baizik».

ANTXUSTEGI-BADIOLATARRAK ETA PORTUA

Ondarroa betidanik itsasoari eta, bereziki, arrantzaren munduari lotuta egon da. Arrantzaleen kofradiaren lehen ordenantzak XVI. mendekoak dira, pentsa. XX. mendearen hasieran, eta, batez ere 1930eko hamarkadatik aurrera, kanpoko portuaren proiektua gauzatu zen, arraste arrantzan aritzen ziren lehen ontziak agertu zirenean. Ondarroa bi flota garrantzitsuren portu bihurtu zuten: baxurako arrantzarena eta alturako arrantza industrialarena.

1922an ezkondu ziren Juan Antxustegik eta Dominika Badiolak XX. mende osoan zehar hainbat belaunaldiz itsasoari lotutako familia osatu zuten. Bost seme-alaba izan zituzten: Jon, Aranzazu, Ixidor, Miren Biotza Euzkadi eta Sabin. 36ko gerrak eragina izan zuen haiengan: erbesteratuak izan ondoren, herrira itzuli eta itsasoan lanera itzuli ziren, bai gizonak eta bai emakumeak, emakumeen eginkizuna oso garrantzitsua baitzen lehorrean. Bi ontzi zituzten, baina baxurako arrantzaren mundua aldatzen ari zenez, milioi bat pezetako kreditua eskatuta, ontzi berria enkargatu zuten Ondarroako Arriola ontziolan. Lanen kontrola alabetako baten esku geratu zen.

1958an entregatu zieten. Hainbat egur mota erabili ziren: eukaliptoa, gilan eta kontragilan -sekulako buruko minak eta harridura sortu dizkiete XXI. mendeko teknikariei beren tamainagatik-; eta haritza, Gineako samangila, Erronkariko pinua eta akazia, gainerakoan. Hemen Apraizen deskribapena: «Haritzezko egitura sendoko zurezko kroskoa du, inguru osoan armazoi buruak eta posturak, kroskoaren barruan jadanik sartuta dauden kanaberak arrantzarako, metalezko biberoak, guardakolaren altuera erdian kokaturiko gobernu zubia, egurrezko mastak, tokiko eraikuntzakoa den propultsio motor ospetsu batez hornitua, beste ezaugarri nabarmen batzuen artean».

Hastapenean Jon semea zen patroia eta Sabin, makinista. Arrantza zikloa bi kanpaina handitan banatzen zen orduan: Bokarta eta atuna. Jon eta Karmele Antxustegi Urkiaga anai-arrebak Jonen eta Clotilde emaztearen semeak dira. Karmele EAko eusko legebiltzarkidea izan da eta herriko zinegotzia; Jonek “Nuevo Anchústegi”-n lan egin zuen erretiratu zen arte. Karmelek: «Nire ama eta izeko joaten ziren lan egitera: kaxak eramatera, mandatuak egitera, sardeak egitera... Garai hartan emakumeak ez ziren itsasora joaten; orain zerbait dago, baina orduan ez. Baina lehorretik emakumeek eramaten zuten guztiaren ardura: zer behar zen, diruen kontuak... hau da, burua beraiek ziren». Jonek: «Arrantzaleen emakumeek lan handia egiten zuten. Gizonak joaten ziren itsasora 20 egunerako atunetan, eta eurak mantendu behar zuten etxea».

Jon 17 urte zituela hasi zen arrantzan eta 57 betetzean erretiratu zen. «Urte bat bakarrik pasa nuen lehorrean. Nik bokaziorik ez dut izan -argitzen du-, baina lehen gertatu ohi zen mutilak, ikasi nahi ez zutenean, itsasora joaten zirela». Gogoan du orduko Ondarroako portua; nola aldatu diren gure portuak! «Orain dela 40 urte, baxuran bertan, ia 30en bat enbarkazio zeuden. Orain bakarra gelditzen da», dio Jonek.

ITSASOKO BIZITZA

«Ontzian, lehenengo urtetan jende gehiago zegoen lanean. Gero sartu ziren makina berriak eta tripulazioa jaitsi zen eta 13-14 aritzen ginen lanean. Antxoa eta atuna, txitxarroa, sardina... baxurako arraina hartzen genuen». Antxoaren denboraldia bukatu eta hegaluzearen kanpaina egiten zen udako hilabeteetan, ekainetik urrira, astebete eta hiru aste bitarteko mareetan, askotan Azoreetako artxipelagotik hurbil.

Egunerokoa nolakoa zen galdetu diogu Joni: «Horren denboran, 20 egunetan jaten genuen lehenengo eguneko ogia. Hor ez zegoen izozkailurik. Nik gure txalupan ezagutu dut beti, tartera batean, hartu ogia, hartu koilara eta denok lapiko batetik jan. Eta jateko barietate asko ez zegoen, baina osasuntsua zen. Eguraldi txarra zegoenean, parrilla ipintzeko mugimendu larregi zegoenez, atuna egosita jaten zen. Eguraldi onarekin, parrillan». Lo ere, nola hala, katre minimo haietan.

Onartuko ez duen arren -«itsasoan baino hobeto, hondartzan», dio-, nostalgia kutsua nabaritzen zaio Joni. Arriskuak bizi ote dituzten galdetu diogu eta, gaztea zenean, Santanderretik gertu olatu handi batek ia eraman zuela du gogoan. Ontziak baditu beste zenbait istorio: Cadizko golkoan olatu bakarti batek ia-ia hondoratu zuen eguna; beste batean, haladoraren puntala hautsi zenean berdel mordoaren ondorioz... edo Casablancatik ia 200 miliatara aurkitu zituzten kilkerrak.

1997ko ekainean arrantzarako itsasoratu zen azken aldiz Gure señoriti, eta, ostean, Ondarroako portuan amarratu zuten. Bere ezaugarriak zirela-eta, Bilboko Itsasmuseumen interesa piztu zuen, desagertzeko bidean zegoen garai bateko adibide eta bizimoduaren adierazgarri zelako. 2003ko azaroan, Euskalduna ontziola zaharreko dikeetara eraman zuten eta ia hamarkada baten ostean, 2016an, Itsasmuseumek, Bizkaiko Aldundiaren babesarekin, bere jatorrizko tailer proiektua berreskuratzea erabaki zuen. Horretarako Erain sortu zuen, Bizkaiko ontzigintza tradizionalaren ezagutza gune gisa. Hau da, Ondarroako Gure señoriti-k nabigazio bide berriak zabaldu ditu.