EDITORIALA

Langile borroka egin eta transmititzearen beharra

Otsailaren 16an 50 urte bete ziren Michelingo greba historikoa abiatu zutenetik. Soldatak hobetzeko, orduak murrizteko eta, funtsean, «duintasunaren alde», hiru hilabetetik gora eman zituzten greban. Ondoren 67 kaleratze eta jazarpena jasan bazituzten ere, haren eta garaiko beste hainbat borrokaren aztarnak milaka herritarren balio, konkista eta praktika kolektiboetan sedimentatu dira. Orduko matxinoak ez dira konformatzen, ordea. Jakinarazi berri dutenez, urteurrenaren aitzakian greba birgogoratu eta «klase kontzientzia aldarrikatu» nahi dute.

Greba hura duela mende erdiko testuinguru soziopolitiko eta ekonomikoaren baitan ulertu behar bada ere, ez da «garai zaharretako» istorio zaharkitua. Horko aldarri eta erronkek egungo garaietan ere oihartzun egiten dute. Alde batetik, orduan bezala orain, multinazionalen kapritxo arbitrarioei aurre egiteko ahaleginean ari dira langile ugari -Maderas de Llodiokoak, adibidez-. Orduko protagonisten arabera, «Michelin bezalako munstro baten aurrean grebak ahaldundu egin» zituen; egungo multinazional erraldoiei nola egin dakieke aurre? Erantzunak birpentsatu beharko badira ere, galderak antzekoa izaten jarraitzen du. Bestetik, neoliberalismoak borroka eta memoria kolektiboak suntsitu nahi dituen honetan, horren beharra azpimarratzeak erabateko gaurkotasuna dauka. «Denak kaleratu eta ondoren banan-banan hartuko zaituztet», esaten omen zien enpresaburuak. Kaleratze kolektiboen aurrean, kaleak eta enpresak kolektiboki hartzearen beharra irakasten du Michelingo langileen memoriak.

Greba hura gogoratzeko hitzaldiak, mahai inguruak, erakusketak eta beste egingo dituzte. Txalotzekoak eta ezinbestekoak dira, jakina. Dena den, kontzientzia hori elikatzeko modurik onena praxia da: orduan bezala, «eskura dauzkagun baliabide guztiak erabiliz, eta indar eta imajinazio handiz arituz», egungo premia nagusiak identifikatu eta horren araberako aldarri, borroka eta moldeak planteatzea. Eginean ikasten baita. Eta martxoaren 17ko greba orokorrean erakutsi zen bezala, Euskal Herrian badagoelako urrats gehiago egin eta eginarazteko gaitasun sindikal eta soziala.