Musikaren balantzak
Zenbatetan ikusiko nituen balantza egiten musikariak! Nola da posible agertokiaren gainean babolio itxura horrekin gitarra ez hastea karranka? Maskal jardun beharrean, katastrofe musikala eskaini ordez, bikaintasunaren ertzak ukitzea? Txepel ordez, txapela kentzeko moduan jardutea? Meritua da hori, nota guztiak bere tokian jotzea, ahots melodietan pollo-rik ez, desafinatzeke, eta ahotsean ez nabaritzea mozkorretan endemikoa den totelkeria, txandriotik urruti egotea? Gero, kantuen azalpenetan bi hitz elkartzeko ezgai. Ezohikoa da, egoerak horiek salbuespenak dira; batzuek, ordea, zoragarri daramate alkoholaren ehuneko altua odolean, speedak, kokak edo beste edozein substantziak eragingo luketena. Bejondeiela. Hala ere, ez dira saldoa, ez dut izenik botako. Balizko egoera apokaliptiko eta flakeziazkoa txukuntasun musikala bihurtuta. Harrigarria eta sinesgaitza. Benetakotasunetik gezurrezkora desorekatua balantzaka dabilena. Gogoratuko al da hurrengo goizean emandako ikuskizunaz? Nolatan errepikatu zituen onomatopeiatan lanbrotu beharrean hitz eta letra haiek guztiak? Denok haluzinatuta, baita mozkor edo substantziaz leporaino zihoan musikaria bera ere. Hurrengo batean errepikatu nahi izango du, eta txandrioa bihurtuko zaio kontzertua. Auzo lotsaren hurbileko zeremonia, lotsaizunaren txatalak baino txataltzarrak.

Nueve miembros del equipo rectoral derrotado de EHU, altos cargos del PNV

«Si hay un acuerdo con el estatus, será porque supone un salto»

EH Bildu, con «certidumbre» y «sin ansiedad» hacia una República vasca

Ernai: «Euskal Herrian irabazteko benetako aukerak ditugu»
