Adur LIZASOAIN
KOLABORAZIOA

Une hura

Bai edo ez. Aurrera egin edo atzera. Zuria edo beltza. Irribarrea edo samina. Arrakasta edo porrota. Hogeita bi edo hogeita bat.

Erabaki mordo bat hartu ohi ditugu egunerokoan. Gehienek ez dute berebiziko pisua gure bizitzak horren ondorioz hartuko duen norabidean, baina badira batzuk urteak igaro eta buruan iltzaturik geratzen zaizkigunak: esan ez nuen hitz hura, ireki ez nuen negozio hura, erosi ez nuen etxe hura, hasi ez nuen karrera hura, egin ez nuen bidaia hura, eman ez nuen musu hura, jokatu ez nuen partida hura. Une hura. Egin ez nuen hura.

Bere lehen txapela irabazi zuen iragan igandean Jon Ander Albisu pilotariak, 36 urte betetzear delarik. Bere kirol ibilbide osoa onenetako bat izan arren, oraindik txapelarik jantzi gabea zen Ataungo atzelaria. Abantailak eman behar izateagatik bikote gazte eta erdipurdikoekin jokatu izan du txapelketa urtea joan eta urtea etorri; horrek, faktore mentalaren aldetik akaso beste atzelari handi batzuk bezain indartsua ez izateak eta une zehatzetan zortea alde ez izateak txapelik gabe erretiratzearen samina oso gertu ikustera eraman dute. Sinesgaitza eta bidegabea.

Egon zen, baina, dena alda zezakeen une bat: finalerdietako ligaxkako bigarren partidan eskua txikitu zuen, eta horrek bere maila ematea eragotzi zion; horren ondorioz, partida galdu zuen. Txapelketa bikaina egitetik zetorren. Zazpi egun besterik ez zituen eskua −eta animoa− berreskuratu eta kantxara irteteko, zirt edo zarteko finalerdi erabakigarrian, orain bai, bere onena ematen saiatzeko. Zazpi egun eskua more zuela, zazpi egun entrenatu ezinik, zazpi egun buruari bueltak ematen.

Aurrera egitea erabaki zuen Albisuk, eskua oraindik gaizki eduki arren. Lesio are larriago bat jasateko edo kantxan barregarri geratzeko arriskuak hartuta, ametsari jarraituz, aurrera egitea erabaki zuen arrazionaltasunaren eta bihotzaren arteko norgehiagoka hartan. Jokatu egin zuen partida hura. Eta irabazi −baita finala ere−. Merezi zuen. Merezi genuen.

Irribarrea. Arrakasta. Hogeita bi.

PD: Hunkigarria bere alabaren «asko maite zaitut, aita» hori. Horra hor beste txapela bat.