D ereduan PAI programa desagerrarazi behar da
D eredua duten gero eta ikastetxe gehiago ari dira PAI programatik ateratzen Nafarroan. Tafalla, Gares, Elizondo... guraso eta irakasleen babes zabalarekin, urteotan berau alde batera utzi duten ikastetxeen zerrenda luzea da, bereziki Hezkuntza Sailak ingelesez eman beharreko ordu kopurua gehitzea erabaki zuenetik. Egun PAI darabilten zazpi ikastetxe soilik geratzen dira, denak ere txikiak eta programa uzteko prozesu zaila burutzeko baliabide prekarioak dituztenak. Hortaz, martxan jarri eta hamabost urtera, D ereduan PAI hil hurren dagoela dirudi.
Yolanda Barcinak bultzatu zuen programa hori Troiako zalditzat jo izan da maiz. Arrazoiz. Izan ere, ustez ingelesa ikasten laguntzeko eratu bazen ere, euskarazko irakaskuntza barrutik higatzea zen benetako xedea. Zoritxarrez, hein batean lortu du kaltea egitea: D ereduan PAI jaso duten ikasleen euskarazko ikastorduak murriztu egin dira eta, ondorioz, ikasle ugariren euskara maila ere jaitsi egin da, askorentzat euskararekin duten kontaktu nagusia eskola baita. Hala, eleaniztasunaren izenean, euskararen bazterketan sakondu da, Nafarroako milaka ikasleri bertako hizkuntza osoki menderatzeko eta horren bidez mundu oso bat deskubritzeko aukera mugatuz. Hori gutxi ez, eta “PAI Programa de Aprendizaje en Inglés” delakoak ez du ingeles maila espero bezala hobetzeko ere balio izan. Eta, jakina, hizkuntzak behar bezala menderatzeko ezinak ikasleen konpetentzietan ere galera eragin du, edukiak behar bezala ulertu ezean nekez barnera baititzakete.
D ereduan PAI programa Nafarroako Gobernuaren ekimenez zabaldu zen, eta orain, haren porrota frogatu denean, Nafarroako Gobernuari berari dagokio hori behin betiko kentzeko beharrezko neurriak hartzea. Hezkuntza Sailak PAI ikastetxe osoan ezartzeko beharra deuseztatu izanak bide bat ireki du, eta horretan sakondu behar da. Batetik, zentroei programatik ateratzeko baldintzak eta baliabideak erraztu behar zaizkie. Bestetik, eta bereziki, euskarazko murgiltze eredu integral eta kalitatezkoa indartu behar da, hori baita, euskararen eskutik, eleaniztasuna, konpetentziak eta, finean, askatasuna bermatzeko bide eraginkorrena.

Iriart ezkerreko abertzalea da Euskal Hirigune Elkargoko lehendakaria

Hilario Urbizu iheslaria Mexikon hil da, 45 urte itzuli ezinik eman ostean

¿Está el modelo D con PAI camino de la extinción?

«Mitoaroa III»-ren unibertsoak Bilboko bihotza hartu du
