Zinegetika
Parisko jardinetan barrena, Verlaine eta Flaubert imajinatzen ditudala erran dizut, udaberriko ataria gainditu dugula guk ere, eta haiek lorediari zuzentzen ziotela begirada, edertasunari buruz edertasunez idazteko, hitzak inspirazioari ebatsita naturak denboraren igaroa nola komunikatzen digun ulertzeko. Dena zehazten duela denborak, hura bailitzan gure bizitzaren helduleku bakarra. Armstrongek ilargian jarritako bandera nola egongo den, hura ere denborak zahartu ote duen galdera pausatu didazu orduan, eta jostari erantzun dizut, beharbada hara bidali duten azken espediziokoek, Artemisekoek, jakingo dutela, baina beharbada. Nola beharbada, beharbada zer? Ilargira ailegatu ote ziren? Idor ebaki duzu ura! Uzteko txepelkeriak, konspirazioen iturriak agorrezinak direla eta. Isildu naiz. Hobe dudala Greziako mitologiaren Artemisaz aritzea, oihaneko jainkosaz, ehiztari apartaz. Eta Iparralde honetan ihiziari zinegetika deitzen zaiola, animaliak atzeman eta akabatzeari. AEBko bandera azpian nahinon egin dela hori gainera, gizakiari animalia deituta.
Baina errealitatera ekarri nauzu, banderarik ederrena Hirigune Elkargoan ezarri dela erranda; ikurrina heldu da Iriarten eskutik, eskuzabala izan da Etxeleku, aberriaren alde urrats bat eginez, guretzat Armstrongek ilargian egin zuenaren heinekoa. EAJ eta EH Bai batera, zinea, ia. Sentsibilitate politiko gehiago daude izendapen horren baitan, baina euskaldunen batasunak eman du lehen kolpea, lehen pausoa. Ez dadila azkena izan. Euskaldunok, elkarrekin, ilargiari buelta emateko gaitasuna baitaukagu.

Hilario Urbizu iheslaria Mexikon hil da, 45 urte itzuli ezinik eman ostean

Otegi se marca un Arzalluz, Esteban le da al eslogan y Pradales cuela trampitas

Iriart ezkerreko abertzalea da Euskal Hirigune Elkargoko lehendakaria

¿Está el modelo D con PAI camino de la extinción?
