Fito RODRIGUEZ
KOLABORAZIOA

Altxa liburuak!

Sant Jordi kanpora’ izeneko kanpaina egiten hasiko naiz», bota zuen Eduardo Mendozak Bartzelonan bere azken eleberriaren aurkezpenean. «Apirilaren 23a Liburuaren Eguna da; ez du zerikusirik ustezko Sant Jordirekin; hark ziur aski ez zekien irakurtzen ere...», gehitu zuen. Polemika zerbitzatua zegoen. Espainolismoa pozik eta katalanismoa asaldatuta. Betiko gurpil zoroa...

Egia esan, ustez behintzat, Liburuaren Eguna kultura idatziari distira emateko erabili ohi dena, errealitatean jai askoz eskasagoa bihurtzen da, eta, beraz, apirilaren 23an literatura sustatu beharrean, kontsumismoaren apologia eta idazkien aurkako iruzur bilakatu da, zeinean argitaletxeak liburu negargarrien salmentarekin aberasten omen diren eta, azken finean, bizi-sistema malapartatu honetan gauza guztietan bezala, kulturaren merkantilizazioa izaten da aipatu eguneko ekitaldi horietan gailentzen dena. Gainera, definiziotik bertatik, liburua, produktu fisiko gisa, loriatzea eta haren salmenta sustatzea da egun horren helburua, testu kulturalak ezagutu, zabaldu eta haien aldeko politika egikaritu beharrean.

Gustave Flaubertek “Bibliomania” kontakizunean deskribatu zuen liburuak objektu modura gurtzearen ondoriozko patologia; Nafarroako Denonartean argitaletxearen eskutik 2021ean argitaratu eta euskarara ekarri ahal izan nuen hori. Aipatu argitaletxeak, esaterako, ez du bilatzen, Liburuaren Egunean egin ohi denaren aurka, liburuak saltzea soilik, gazteen artean irakurketa literarioa sustatzea baizik. Horretarako, nazioarteko funtsezko idazleen izkribuak euskarara ekartzeaz gain, liburuen ezaugarri fisiko ederrenak ere kaleratzen ditu. Joera honen adibide esanguratsua da Irene Iruretak berriki ondu duen eta aurtengo Liburuaren Egunean aurkeztuko den “Flysch, pop-up” izeneko album ilustratua, irekitzean irudiak altxatzen dituen euskaraz sortutako lehendabizikoa.

Goian aipatu Flauberten “Bibliomania” liburuaren amaieran honelakoak utzi nituen idatziak: «Nik abibliofobikoa naizela daitort. Ezin naiz libururik gabe bizi. Oraingo honetan, komunikazio teknologia berriek dakartzaten patologiez asko mintzatzen denean, betidanik liburuek eragindako eritasun patologikoez gogoratzen naiz, baina ni, berriro diot, liburuzale izan naiz gaztetatik eta, bide beretik, nire zaharrean, aldamenean irakurtzeko liburuen faltak egoneza eragiten didala sentitu ohi dut askotan. Horri buruz ari da narrazio labur desberdin hauxe. Flaubert ezezaguna gurera ekarrita, bide batez».

Aurtengo apirilaren 23an Irene Iruretak aurkeztuko du, bere jatorriko Zumaian, aipatu album ilustratu altxagarria, liburua eta, halaber, objektu fisiko ezin ederragoa, San Telmo jaiak birritan xahutu ondoren.

Bistan da idazle klasikoak modernoenak ere izaten direla, baita liburu zaharrak inprimatzeko erabilitako aspaldiko teknikak berreskuratzea irudien sasoietan ekarpen bihur daitekeela ere.

Ildo beretik, ohikoarena eta kulturaren berriztapena kontrakoak ez diren neurrian: Gora San Jordi, biba santelmoak eta batez ere altxa liburuak!