Rana Plaza gogoan
Duela 13 urte, 2026ko apirilaren 24an, Bangladesheko Rana Plaza izenez ezaguna zen industria-eraikina erauzi zen. Obra-hondakinen artean harrapatuta geratzearen ondorioz, 1.100 pertsona hil eta 2.500 inguru zauritu ziren; ia denak, bertan lanean ari ziren emakumeak.
Bertan gertatutakoa ez zen istripua izan, aurrez iragarritako sarraskia baizik. Lantegiaren jabeek bazekiten eraikinaren egoerak ez zuela bertan lan egiteko baldintzarik betetzen, tartean, eraikinean apirilaren 24a baino lehen agertutako arrakala eta pitzadura nabarmenengatik. Hala ere, eraikinaren jabeek langileak lanera joatera behartu zituzten, langileek bizi zuten esplotazio egoera agerian utziz. Eta horren zergatia argia da: bizi garen sistema honek, kapitalismoan, heteropatriarkatuan eta kolonialismoan oinarritzen den jendarte-egitura honek, emakumeon* gorputzak eta bizitzak behar ditu berau iraunarazteko, haien izerdiaz ehundutako arropa merkeak Mendebaldeko dendak betetzen dituzten bitartean.
Egungo ehungintza industria globala, emakumeen* lan prekarioan eta esplotazioan oinarritzen da; are gehiago, hego globaleko lurraldeen eta bertako emakumeen* esplotazioan; lan baldintza duinik gabe, soldata baxuekin, lanaldi amaigabeekin, segurtasuna bermatu gabe eta, noski, lan osasunean inongo bermerik gabe.
Bangladeshko gertakari latz hark, zoritxarrez, gaurkotasun handia du. Izan ere, kontsumo eredu basati batean bizi da gure gizartea, eta hori ez da kasualitate hutsa, era interesatuan antolatzen den egitura oso baten ondorio baizik. Gutxi batzuen aberastasuna eta kapital metaketa beste askoren pobrezian eta esplotazioan sostengatzen da, batez ere emakumeon* gaineko esplotazioan; are gehiago, emakume migratu eta arrazializatuenean nahiz hego globaleko emakume* langileenean.
Mundu mailan ematen diren gerren eta botere logiken isla da Rana Plazan gertatu zena. Emakumeon* gorputzetan aplikatzen den indarkeriak hartzen duen beste forma bat. Sistematikoki jasaten ditugun indarkeria forma guztien artean bat gehiago. Gorputz eta lurralde bakoitzean indarkeriak askotariko formetan lurreratzen dira, eta horiek guztiek bizi garen sistema kapitalista zisheteropatriarkal, kolonial eta arrazista sostengatzen dute.
Aipaturiko guztiagatik, Euskal Herritik, gaur bezalako egun batez, memoria ariketa egitea ez da soilik gertatutakoa gogora ekartzea. Sarraskiaren erantzuleak interpelatzen jarraitu behar dugu, Rana Plazako gertaerarekiko, baina baita egun sostengatzen jarraitzen duten sistemaren mesedetan martxan dauden esplotazio mekanismo eta tresna oro salatzeko ere. Bizi garen lurralde honetako instituzio eta gobernuetatik hasita.
Bestetik, norbanako nahiz kolektibo gisa ditugun ardurak ere hartu behar ditugu, esplotazioaren kate globalean okupatzen dugun lekuaz jabetu behar gara, eta kontsumitzaile gisa ditugun praktikak aldatzeko urratsak egin behar ditugu. Noiz, nola eta non erosten dugun, horri erreparatuz, adibidez.
Euskal Herriko Emakumeon* Mundu Martxatik, apirilaren 24 hartan gertatutakoa ez ahazteko deia egiten dugu, memoria kolektiboa osatzeko eta gertaera hura ahanzturan ez geratzeko. Memoria borrokarako tresna dugu, iraganera begiratzeak etorkizuna eraikitzeko bidea erakus dezakelako, indarkeriarik gabeko bizitzen alde.
Rana Plaza gogoan. Gora borroka feminista!

Alerta por el nivel de arsénico y plomo junto a la planta de Sader en Zorrotza

Pandas de Euskal Herria

EH Bildu traza un plan para atajar el problema de la vivienda en 10 años

Evocan a Batasuna para que se declare «terrorista» a Morena
