MENDE LAURDENA ZEGAMA-AIZKORRIK

Kasik mila korrikalari lehiatuko dira aurtengo Zegama-Aizkorri lasterketa preziatuan; horietatik %65, mendi maratoian. 25. edizioa beteko du aurten eta guztietako irabazleek jaso dute gonbita.

Ismail Razga, 2022ko Zegama-Aizkorrin lehiatzen eta jendearen animoak eskertzen.
Ismail Razga, 2022ko Zegama-Aizkorrin lehiatzen eta jendearen animoak eskertzen. (Gorka RUBIO | FOKU)

Mende laurdena beteko du aurten Zegama-Aizkorri lasterketa berezi, miresgarri, preziatu, gogoangarriak... Dozenaka adjektibo jarri izan zaizkio eta adituek diote deskribaezina ere izan daitekeela. Maiatzaren 17an egingo da aurtengo edizioa eta irteera lerroan 900 lasterkari elkartuko dira, 25 herrialdetakoak. Horien artean edizio guztietako txapeldunek gonbidapena jaso dute eta, beraz, punta-puntako kartela izango du beste behin ere Zegama-Aizkorrik. Emakumezkoetan nabarmentzekoen artean daude iazko txapeldun Sara Alonso, lehen bost sailkatuak (Wyder, Osa, Lara eta Leboeuf) eta Tove Alexandersson, munduko txapelduna Canfranc-en. Maialen Arizkorreta antolatzaileak ez du baztertzen «errekorren bat» sinatzea. Gizonezkoetan ere izen ezagunak aurkituko ditugu, Elazzaoui iazko txapelduna, Kilian Jornet, Pattis, Del Pero eta Beltrami, esaterako. Nazioartean sona handia du probak eta, alde horretatik, telebista emankizunaren produkzioan ere nabari da. Besteak beste, Warner Bros Discoveryk ekoitziko du eta HBO Max+, Eurosport, discovery+ eta TNT Sports plataformetan emitituko da, baita ETB1en ere.