EDITORIALA

Langileen borrokaren gorazarre

Atzo, Maiatzaren Lehena, hainbat mobilizazio izan ziren Euskal Herriko kaleetan. Langileen nazioarteko egun hori Chicagoko Haymarketeko sarraskia oroitzeko sortu zen, eta hura bezala beste hainbat gertakari daude langileen gogoan iltzatuta. Baina duela mendebete pasa bezala, borroka eguna ere bada. Hala gogorarazi zuen atzo Baionako mobilizazioak, Gobernu frantsesak egun seinalatu hori lan egun bilakatu nahi zuela salatuz: «Maiatzaren Lehena ez da beste besta egunak bezalakoa, langile mugimenduaren 100 urte baino gehiagoko lorpena da». Beraz, memoria eguna ez ezik, oraingo langileen eskubideen aldeko borroka eguna ere bada.

Soldatapeko langile izatea pobreziatik kanpo egoteko bermea ez denean, prekaritatea normalizatua dagoenean, inperialismoaren gerrek eragindako krisiek langileak eta herritar gehienak pobretzen dituzten aldi berean armagintzako eta energia enpresen etekinak biderkatzen dituztenean, bada zer salatua, bada zer aldarrikatua. Atzoko aldarrikapenak ez ziren gutxi izan: Euskal Herriak bere lanbide arteko gutxieneko soldata propioa izateko eskubidea; pentsio eta soldata duinak; etxebizitza eskubidea; kalitatezko zerbitzu publikoak; enplegua, zaintza lanak eta aberastasuna banatzea... Lan istripuz hildako langileak ere gogoan izan zituzten, urtero dozenaka zenbatzen direnak. Ezbehar horien kausa nagusia langileen egoera kaskar gehienen atzean dagoen bera da: prekaritatea, mozkinak handitzeko erabiltzen den baliabidea, hain zuzen.

Joan den martxoaren 17an Hego Euskal Herrian gutxieneko soldata propioaren aldeko greba izan zen, eta enpresaburuek, bai eta administrazio publikoko zenbait arduradunek ere, politikotzat jo zuten. Baliteke, baina ez harrapakeria legeztatzeko erabakia baino politikoagoa, edo botere ekonomikoen mendeko politikak baino areago. Sindikatuen jarduna zalantzan jartzen ahalegintzeko joera du eskuinak, eta ulergarria da, lehen bezala orain ere sindikatuek gidatutako borrokak ezinbestekoak izan baitira lan baldintzen hobekuntzak lortzeko. Atzo Maiatzaren Lehena izan zen, eta argi agertu zen gaur ere langileen borroka lehen bezain beharrezkoa dela.