OIER IRIARTE ARRONDO
BAIONA

Queerrak, baztertuak, diskriminatuak... Euskal Herriko «munstroak» argitara

Patxi Arsak “Euskal Herriko munstroak” fanzinea osatu du, 40 bat kolaboratzaileren ekarpenarekin. Euskal Herriko hainbat artista queerren ekoizpenak bildu ditu, eta denetariko lanak topa daitezke bertan: olerkiak, argazkiak, testuak... Maiatzaren 10era arte dago eskaera egiteko epea zabalik.

Patxi Arsa, proiektuaren arduraduna.
Patxi Arsa, proiektuaren arduraduna. (Arthur VIALLE)

Iazko udan, bakantzetan etxean zela, mitologiari buruzko liburu andana irakurtzen ibili zen Patxi Arsa. Bazen denbora bat horretarako gogoz zela, eta oporrak pasioz irakurri eta irakurri emateko baliatu zituen. Alta, ez zen buruan bueltaka zuen gai bakarra: une berean, Euskal Herriko LGTB lanak bilatzen zebilen, baina ez zuen gauza handirik topatu. Errepresentazio falta handia nabaritu zuen, eta hortik tiraka heldu zitzaion Euskal Herrian queer izateari eta euskal mitologiari buruzko bilduma bat egiteko ideia.

Bilatu baina aurkitu ez zuen hori sortu nahi izan du Arsak. Beste lagun queer batzuei bilduma kolektibo bat sortzeko ideia aipatu zien; bertan jasotzeko haien «istorio ttipiak, beldurra eragitekoak, mitologia, kondairak eta bazterretako pertsonen biziak lot ditzakeen edozer». Bada, pentsamendu soila zena laster hainbaten eskutan egonen da. Zenbait kolaboratzailerekin batera eginiko “Euskal Herriko munstroak” fanzinea hilaren 10era arte dago erreserbatzeko moduan; eta, azken egunak falta badira ere, arrakastaz doala dirudi, inprimategira igortzeko beharrezkoak ziren gutxieneko 150 aurresalmentak gainditu, eta 200 eskaera baino gehiago daude-eta jada.

Gauzak horrela, artista gazteak lanean «denetarik» topa daitekeela ziurtatu dio KAZETAri: «Istorio ttipi anitz, testuak, olerkiak, argazkiak, collageak...». Arsa bera alde editorialaz arduratu da nagusiki, hainbat gairi buruzko elkarrizketak eginez. Horretarako, topaketa anitz egin ditu, hala nola Altxaliliko lagunekin eta La decadence drag queen taldearekin. Beste elkarrizketa berezi bat ere kontatu digu: 1980ko hamarkadan gaya izanik hezi zen lagun batekin mintzatu da, Arsak 2010eko hamarkadan hezitako gay gisa bizitakoarekin alderatzeko.

Mitologia eta queerra uztartu ezinak direla eman dezake: tradiziotik eratorria lehena, eta tradizioak hausteko prest bigarrena. Alta, fanzineak biak bateragarri bilakatu ditu, ez daude bata bestearengandik hain urruti eta. Bai, Euskal Herriko mito eta kondairak ere queerrak izan daitezke: «Mito eta kondairei buruz mintzo garelarik, usu munstroei loturik egiten dugu, potentzialki beldurra eragiten duen horri buruz, hatzarekin seinalatua denari buruz». Horretaz jabetu zen mitologiari buruz ikasten emandako uda horretan, eta erraz otu zitzaion lotura «pertsona baztertu eta diskriminatu eta beldurra eragiten duten izaki horien artean».

ARTISTA QUEERREN SAREA

Hurbileko lagunekin hasi zuen sorkuntza prozesua, baina Instagramen artista deialdi bat zabaldu eta azkar heldu zitzaizkion ezezagunen proposamenak. Anitz hedatu zen sare sozialetako publikazioa, ahoz ahoko handia ere egon zen, eta horrela heldu da 40 kolaboratzaileko lana osatzera. Horiek guztietatik hamar edo hamabost baizik ez zituen hastapenetik ezagutzen.

Askotariko profilak ezagutu ditu: batzuk lehenagotik artistak ziren; beste batzuek, aldiz, ez zuten aurretiaz nehoiz deus sortu, baina proiektu honek interesa piztu eta lehenengoz artea egin dute. Lekukotasun eta historia pertsonal andana jaso ditu: «Beren bizia kontatu didaten pertsonak, zer egiten duten, beren ibilbideak, beren lana ere aurkeztu didate…». Hortaz, lotura gehienak posta elektronikoz egin baditu ere, «konfiantzazko harreman sendoa» lortu dutela azpimarratu du, kontakizun «intimoak» jaso baititu. Funtsean, «oso ongi» joan da haiekiko harremana, eta sortzaile horietako batzuk parez pare ezagutzeko parada ere izan du.

KULTUR ESZENA BAT INDARTZEN

Hainbeste istorio eta lekukotasun irakurrita, bakoitzaren bizipenak biziki ezberdinak direla ondorioztatu du Arsak. Elkarrizketa batzuetan ikusi du parekoa «biziki ongi» sentitzen dela, bizi duen garai eta jendearekin bat egiten duela. Haatik, bistan denez, beste testigantza batzuk ez dira hain atseginak: maskulinitateaz mintzo dira, baita homofobiaz ere, izan kostalde edo barnealdean. Argi dago ez dagoela queerra izateko modu bakarra, eta fanzine honetan Euskal Herrian entzun daitezkeen ahots ezberdinak biltzen dira.

Boz ezberdinak dira, bai; baina bakoitzak bere aldetik egiten duen hori batuz kultur eszena bat osatzen dute. Egileari iruditzen zaio Ipar Euskal Herriko queer eszena askotarikoa dela, «esperimentaziorako eremua» dela; eta horretan dabiltza artistak, «gauza anitz probatzen». Baliabide eta euskarri andana bateratzen direla sumatu du, eta horren adibide ezin hobea iruditzen zaio Altxalili kabaretarena: «Bertsoak, dantza, kantua, drag-a...». Ipar Euskal Herrian gertatzen ari den horren erakusle bikaina dela uste du.

Diziplinak eta genero artistikoak -eta ez artistikoak bakarrik- nahasten omen ditu queer eszenak; baina, batez ere, «badaki politikoa izaten. Pentsatzen dut probokazioa dela, generoak hausteko borondatea dela, arauak haustekoa; queer eszena esperimentazioa eta mezuak pasarazteko nahia da. Horrela ikusten dut nik egungo queer eszena».

EUSKARA EZAGUTARAZTEKO AUKERA

Arsa erdalduna den arren, bi hizkuntzetan -frantsesez eta euskaraz- partekatu zuen artista deialdia, eta euskarazko hainbat testu eta olerki iritsi zaizkio. Munstro euskaldunen lan guziak sartu ditu fanzinean, baina frantseserako itzulpena gehitu die ondoan, «nagusiki frantsesa den eta euskara ez dakien publikoa» baitu. Dena dela, euskaraz mintzatzen ez diren pertsona batzuei hizkuntza hori ezagutarazteko aukera izan daitekeela iritzi dio, baita euskaldunak «gozaraztekoa» ere.

Frantsesaren eta euskararen arteko «oreka» bilatzen saiatu da, ahal bezainbeste testu itzuli, baina jatorrizkoak ere bertan atxikiz. Euskaraz egindako lan horietan azpimarra jarri nahi izan du sortzaileak, «garrantzitsua» iruditzen baitzaio hori ere errealitate queerra biltzen duen lanean egotea. Horrez gain, proiektua aurkezteko prestatu duen editoriala bi hizkuntzetan idatzi du. Bertan, jasotako ekarpen gehien-gehienak Iparraldekoak izan badira ere, mugarik gabeko Euskal Herri bateratu baten lekukotza eraiki nahi izan duela azaltzen du.