Estibalitz EZKERRA
Literatura kritikaria

Kutxak (I)

Duela urte batzuk, ilehoriak ezarritako tarifek posta zerbitzua erabat kakaztu baino lehen, egun Amerikako Estatu Batuak izenaz ezagutzen den lurraldeko estatu batetik bestera liburuz beteriko hainbat kutxa bidali zizkidan bost urtez (eta gerora ere) bere etxean familiako bat bezala hartu ninduen ugazabak. Ideia berarena izan zen; “snail mail”-a (barraskilo posta) garraio konpainia pribatuak baino askoz merkeagoa ez ezik fidagarria ere bazela esan zidan. Hori bai, bere belaunaldikoek zerbitzu publikoari emandako goitizenak salatzen zuenez, ikaragarri geldoa izan zitekeen. Ni ordurako lekuz aldatua nintzen eta ezin nuen ezetz esan. Hilabete batzuk zeramatzaten nire liburuek andrearen garajean gordeta ni bila noiz joango zain, eta ugazaba ohiak erabaki zuen bazela tokiari garbitu sakon bat emateko garaia. Beraz, nire liburuek eta ez dakit zenbat hamarkadaz berak bildutako trasteek alde egin behar zuten. Supermerkatuko langileek kalean utzitako fruta garraiatzeko kartoizko kutxa batzuetan sartu zituen liburuak, eta posta bulegotik nire helbidera bidali zituen egun berean eman zidan egindakoaren berri. Sei kutxa ziren guztira. Pazientzia eskatu zidan, posta bulegokoak esan zion-eta gutxienez hamabost egun eta gehienez lau aste beharko zutela kutxak entregatzeko.