Gaizka IZAGIRRE
HERNANI
RESURRECTION

Zinema amets bihurtzen denekoa

Egunkari honetan 500 kritikatik gora idatzi ditut, eta, ziurrenik, hau da orain arte gehien kostatu zaidana. “Resurrection” azaltzea ia ezinezkoa da, ez delako ikusten den zerbait soilik, baizik eta bizi behar den zerbait. Alderdi askotan, gainditu egiten zaitu.

Zinema aretoaren ilunpean nahi eta nahi ez sentitu behar den esperientzia da: luzea, tarteka astuna, baina aldi berean hipnotikoa, mamitsua, harrigarria eta batez ere sailkaezina. Irudiek eta soinuek ihes egiten dute pantailatik.

Bi Gan-ek zuzenean begiratzen dio ikusleari, besaulkian dagoen horri, eta ametsaren hizkuntzan hitz egiten dio. Irudien artean flotatzen duen ahots baten moduan. Modu oniriko eta surrealista batean erakusten digu zinemak mundua nola moldatu duen. Edo, agian, nola mundua bera zinemaren bidez asmatu dugun. Zinemaren historiari idatzitako maitasun gutuna da.

Distopia moduko bat marrazten du. Hilezkortasuna lortzeko, amets egiteari utzi behar zaion mundu bat. Ametsik gabe bizi direnak ez dira zahartzen. Baina badira oraindik “ameslariak”, “eldarnioak” dituztenak, amesten jarraitzen dutenak, baina guztiz zaurgarriak direnak. Bi Ganen begiradan, ametsa eta zinema gauza bera dira, maila berean jartzen ditu. Shu Qi-ren ahotsak gidatuta, ameslari horietako batek eramango gaitu denboraren eta irudien labirintoan zehar.

Kontakizuna zatika eraikia dago, ispilu hautsi baten moduan. Atal bakoitzak bere forma, bere arnasa, bere kolorea du; eta bakoitzak zinemaren aro jakin baten arrastoa darama. Hasieran, zaila da erritmo horretan sartzea, hari narratibo lausoari jarraitzea; pisutsua egiten da, deserosoa. Baina behin barrura sartuta filmak ez zaitu askatzen.

Eta amaieran, kredituak agertzean, gutxitan bizi duzun zerbait bizi izan duzula sentituko duzu. Hitzez deskribatu ezin den bidaia bat.