Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Senpereko lakuan urik bai!

Euskara albiste nonahi azken honetan, halabeharrez. Gazteleraz albiste, gehienetan. Zaharrak berri. Euskararen tunela luzeagoa da Belatekoa baino, baina askoz inbertsio gutxiagorekin. Horkoak tupekin egin du topo, euskararenak togekin topo. Eta batzuek epaiak eskuan topa egin ere! Hizkuntza-eskubidea ezin ei delako lan-eskubidearen oztopo izan! Hortaz, langile mutuak hobeto. Ixo! Utz ditzagun hitzak togadunen esku!

Garen garaian garela hamaika dira birpentsatu beharreko kontuak. Ongizate-estatuarena, kasurako; ongizatea eta estatua, biak. Eta ongi-egotea sartu gogoetan. Giza eskubideak ere dira gogoeta horretan ezinbesteko, hitzak huts gera ez daitezen. Eskubidetan direnak dira, osotasun bakar betekoak, horizontalean ulertu beharrekoak, ez eskubide-gatazka moduan. Espazioan bermatu eta denboran mantentzekoak. Eskubideak helburu, eskubideak helbide. Eskuinetik ez dute hori egingo.

Euskarak tunelean ez togak bakarrik, sozialista batzuk ere topa ditu, arrokatsu, ustez arrakalatu gabekoak. Sozialista halakoak! Ez du, bada, esan beren hemengo momentuko erreferenteak euskara “oso zaila dela”! Zaila? Dudan nago ea denbora kontrolatzen duen baina argi daukat espazioa behintzat ezetz. Nire amak, Arratiako bazter batean euskaldun huts jaioak, eskolarik gabe ikasi zuen gaztelera. Hortaz, euskararen eta gazteleraren arteko tunelaren distantzia bera da noranzko bietan. Murgiltze kontua da. Portzierto, sozialismoa gauzatzea ez al da zaila? Horregatik akaso ez dira sozialista holakoak bide zailean murgiltzen?

Murgiltze bideak zabaldu behar dira, eta arnasguneak nonahi bermatu. Tunelaren azkenean euskaldunok grabitate-zentro daukagun euskarak pizkundearen argia izan dezan. Hortaz ere, Senpereko lakuan batzuen igerilekuan baino ur gehiago dago! On egin!