Laku bat «azterketak euskaraz» orroka
Milaka euskaltzale elkartu ziren atzo egunean zehar «Geroa eraikiz, laku bat orroka» lelopean egin zen 43. Herri Urratsen, Senperen. Arratsalde partean eguraldia okertu bazen ere, goiz eguzkitsuarekin eman zioten hasiera, festa giroan, baina aldarrikapen ozenak sumatuz: baliabide gehiagoren beharra eta azterketak euskaraz pasatzeko aukera.

Goizean goiz, oraindik Uratx munstroa esnatu gabe zegoela, hasi zen jendea Senpereko aintzira ingurura hurbiltzen atzokoan. Txikienen urduritasuna eta helduenen ia erritu bilakatu den urteroko ohitura elkartzen ziren laku ingurura joateko Seaskak propio jarritako autobusen joan-etorrietan. Uratx eta haren orroari jarraikiz, zer entzun igaro genuen eguna.
Izan ere, aurtengo Herri Urratseko maskota da Uratx -izen hori Seaskako ikasleek eman zioten-. “Geroa eraikiz, laku bat orroka” leloa izan du 43. edizio honek, eta 2027ko hastapenetan Donapaleuko Lizeo berria eraikitzeko baliatuko da bildutako diru ekarpena.
Ohiko festa giroaz gain, protesta giroa ere sumatzen zen lakuaren inguruan atzokoan; orroak ziren nagusi. Izan ere, azken asteetan Bordeleko akademiak aurrez euskaraz egiten ziren zenbait azterketa ezingo direla hala egin iragarri zuen. Horrek komunitate euskaltzalearen aktibazioa ekarri du, baina, batez ere, ikasleena, Etxepareko ikasleek matematikako proba euskaraz erantzuteko erabakia hartu baitute, ondorioak ondorio. Eta hiru sareetako 175 irakasle prest agertu dira Ahozko Handiaz gain matematikako azterketa ere euskaraz zuzentzeko.
Oraindik isiltasuna gailentzen bazen ere, atzo goizeko 09.30ean ia gune guztietan galdera bera nagusitzen zen: «Guztia prest? Behar duzue laguntzarik?». Artisauen postuak martxan, eta Tokiko gunean ondorengo bazkarirako otordua prestatzen ari ziren, soinu handiegirik gabe, giro onean.
Araba Berria gunera hurbiltzerakoan haur ahotsak nagusitzen ziren puzgarriak ikustearekin batera; Pirritx, Porrotx, Marimotots eta Pontx pailazoen zain ere bazen ume kuadrilla bat, baina mutxikoak hasi ziren horien aurretik jira eta buelta.
Goizeko 10.00etan izan zen ekitaldia, parte hartze handiarekin, eta azken urteetan bezala, aldarrikapenek hartu zuten erdigunea. Azterketak Euskaraz ekimeneko kideek hitzordu berri baterako deia egiteko baliatu zuten: ekainaren 6an Bordelen egingo dute mobilizazioa, errektoretzaren aurrean.
EUSKARAZ PASATZEA HELBURU
Lehendabizi, Senpereko auzapez berriak hartu zuen hitza, Christophe Jaureguyk, eta orain arte «beste aldean» egotea egokitu bazaio ere, Herriko Etxetik ere ikastolak sustatzen jarraituko dutela adierazi zuen: «Badakigu ikastolek ekartzen duten garrantzia euskararen transmisioan, Senpereko herriak elkarteak ditu euskararen inguruan, garapenerako, eta horien suspertzaile izango da Herriko Etxea beti, gure ahalen arabera».
Auzapezaren hitzen ondotik iritsi zen ekitaldiko unerik indartsuena, Laina eta Leize ikasleen eta Maite gurasoaren hitzaldia. Seaskako ikasleek beste behin ere azterketak euskaraz egiteko galdegin zuten instituzioetako ordezkarien aurrean: «Non geratzen da askatasun printzipioa hizkuntza eskubideak urratzen zaizkigunean?». Eta joan den astean egindako hautua berretsi zuten: «Etorkizuna eraikiko dugu euskaraz, ez gara injustizia eta bortizkeria hau onartzeko prest. Matematikako azterketa euskaraz egingo dugu, ondorioak asumituz».
Maitek, Azterketak Euskaraz kolektibotik, beren sostengua helarazi zien ikasleei: «Guraso eta irakasle gisa azkarki salatzen dugu ez dugula onartzen gure haurrak mespretxatuak izan daitezen, eta kolektiboak dena eginen du euskaraz idatziriko proba guztiak zuzentzeko».
Azken hilabeteetan egungo egoera desblokeatzeko Azterketak Euskaraz kolektiboak egindako ekimenak gogoratu zituen: mila gurasok eta euskaltzalek 15.000 mezu baino gehiago helarazi zituzten errektoretzara; 27 herriko etxek mozio bat adostu dute; departamenduko hautetsi guztiek errektoreari gutun bat igorri diote; Bernart Etxepareko ikasleek 5.000 sostengatzaile lortu dituzte... Eta, era berean, salatu zuen Hazkunde Nazionalerako ministroa zein haren Bordeleko ordezkaria «mutu» daudela. Iragan astean Ziburun egotekoa zen, baina ez zen bertaratu. Dei argi batekin amaitu zuen: «Egoera argitu dadin dei bat luzatzen dugu euskaltzale guztiak dinamikan sar gaitezen, egintzetan engaiatuz». Ekainaren 6an egingo den mobilizazio zaratatsu eta aldarrikatzailea azpimarratu zuen.
Alain Iriart Euskal Hirigune Elkargoko lehendakari berriak ere azterketen gaiari heldu zion. Kontatu zuen badirela urteak hainbat instituzio elkarrekin lanean ari direla azterketak euskaraz pasatu ahal izateko, «zorigaitzez ez baita deus behin betiko irabazia», eta gehitu zuen 2019az geroztik atzeraka ari direla, «euskararen lorpenak hankaz gora botata». Hala ere, nabarmendu zuen Hezkuntza Ministerioarekin abiatutako lana ona dela, eta elkarrizketekin jarraitu behar dutela. Pertsonalki errektorearekin harremanetan jarri dela kontatu zuen, baina Ziburura etorri ez zenez, ondoko egunetan berriro jarriko dela berarekin kontaktuan: «Solasaldiak segitu behar du fermuki, euskaltzaleok zubiak irekitzen ditugu, zubien ondotik bideak baitira». Publikotik abiatutako «azterketak euskaraz!» oihuekin amaitu zen lehendakariaren hitzaldia.
Erik Etxartek, Ikastolen Elkartearen izenean, Paris aldetik berriz ere «haize txarrak» datozela aitortu zuen. «Bizi osoan euskaraz ikasi dutenean gure haurrei baxoko azterketetan euskaraz idaztea eta mintzatzea debekatu nahi die Hezkuntza Ministerioak, zer motatako demokrazia da hau, gure hizkuntzan adieraztea debekatzen diguna?». Baliabide falta ere salatu zuen, izan ere, datorren ikasturtean bigarren mailan gutxienez 70 ikasle gehiago izango dituzte eta irakasle gehigarririk ez dutela jasoko esan zuen. «Zazpi irakasle postu falta ditugu gibelera ez egiteko, ematen du frantses Estatuak aspaldi hasi zuen gure mintzairaren aurkako politika muturrera eramango duela, zigorrez eta debekuz».
ORRORIK OZENENA
Gune batetik besterako bidean joaldunen hotsak sumatzen ziren, baita txarangaren bat edo beste ere. Baina urtez urte aldatu ez den beste hots bat nabarmentzen zen guztien artetik, ume gorputza hartzen duen «pegatiiiinaaaaak» garrasia eta txanpon hotsa. Auzolanak eta elkartasunak ez baitute adinik. Oraindik Uratx munstroaren aztarnarik ez.
Gipuzkoa gunean bertsolarien doinuak ziren nagusi gunea ireki berritan. Nafarroa Badok gunea gazteenek eta musikaren erritmoak bete zuten: goizean goiz Dr. Palauer hasi zen, eta Hernengun taldeko lagunen doinuak eman zion segida pixkanaka betetzen joan zen oholtzaren behealdeari. Lagun talde batzuk jada maldan eserita zeuden Xiberoots taldearen zain.
Hala ere, orrorik indartsuena arratsaldeko 17.00etan entzun zen, eta ez zuen eguraldi aldaketak eragin. Euria gorabehera Araba gunean jende andana elkartu baitzen azterketak euskaraz egiteko galdegiten zuen elkarretaratzean. Argazki erraldoia ere atera zuten, beren aldarria lau haizeetara zabaltzeko.
Uratx munstroaren orroa ez genuen topatu, baina, akaso, orrorik sakonena Seaskako ikasleena da, euskaraz ikasi eta bizitzeko nahia, horren aldeko orroa.

Apuntes para observar el primer eclipse solar total visible en un siglo

«Garantizar el derecho a la vivienda significa reducir el negocio de los inversores»

Hibai Rekondo abeslaria zendu da

Gimeno lleva al borde del desgarro al Gobierno de Chivite por las ikastolas
