GARA
MURGA

Murgako lantegi berriak ehun lanpostu sortuko ditu

Aiaraldean, une ekonomiko zaila bizi duen eskualdean, lantegi berria ireki du Etorki eta Lana egurtegiak, Lakuaren babesarekin. Egurra osorik prozesatzeko teknologia aurreratua baliatuko du.

Lakuako ordezkaritza, lehendakaria buru, Murgako lantegiaren inaugurazioan.
Lakuako ordezkaritza, lehendakaria buru, Murgako lantegiaren inaugurazioan. (IREKIA)

Etorki eta Lana Mondragon Taldera batutako kooperatibak lantegi berria ireki du Murgan, Aiaraldean. Jauzi handia ekarriko du: ehun lanpostu sortuko dira eta urteko ekoizpen gaitasuna 80.000 metro kubotik 300.000 metro kubora handituko da. Batez ere intsinis pinua eraldatuko da, bertako basoen balio katean funtsezko baliabidea.

2022-2026 aldian garatu da proiektua, 67 milioi eurotik gorako inbertsioarekin. Horietatik 12 milioi euro baino gehiago Lakuako Gobernuak jarri ditu, enpresaren lehiakortasuna eta inguruan duen eragina indartzen laguntzeko.

Egungo lantegiaren ondoan dagoen 95.000 metro koadroko eremuan kokatutako instalazioak egurra osorik prozesatzeko teknologia aurreratua du, enborra sartzen denetik industria eraldaketara arte. Horri esker, eraginkorragoa izango da lana, baliabideak hobeki aprobetxatuko dira eta balio erantsi handiagoko produktuak sortuko dira.

POSIZIONAMENDUA INDARTUZ

Imanol Pradales lehendakariak inauguratu zuen atzo lantegia, Amaia Barredo Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuarekin eta Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiarekin batera. Proiektu honek Araba, Bizkai eta Gipuzkoak egurraren eraldaketan duten posizionamendua indartzen duela eta enpleguari eta lurralde garapenari lotutako jarduera industriala sendotzen duela nabarmendu zuen lehendakariak.

Bere hitzaldian, oroitarazi zuen baso industria jasangarriak garrantzi handia duela basoak bizirik mantentzeko eta klima aldaketari aurre egiteko. «Euskadik enpresa sare bakarra du, mendiaren aprobetxamendutik hasi eta lehen eta bigarren eraldaketaraino, eta horiek gure baso ondarea mantentzen dute», azpimarratu zuen Etorki eta Lanaren jardunari balioa emateko.

Aiaraldeak bizi duen une ekonomiko zailari ere egin zion erreferentzia lehendakariak: «Familiak asko sufritzen ari dira. Errealitate hori onartzen dugu eta aurre egiten diogu». Aipatu zuenez, aurten hiru aldiz bisitatu du eskualdea hiru inbertsio berriri buruz hitz egiteko: Vidralarena, Harscorena eta, orain, Etorki eta Lanarena. Laster inbertsio berri gehiagorekin itzultzea espero duela esan zuen.

BASOGINTZA 2030 ESTRATEGIA

Pradalesek iragarri zuenez, Lakuak Basogintza-Zura 2030 estrategia diseinatu du, datozen urteetarako ibilbide orri bat. Horren bidez, basogintzaren, industriaren eta berrikuntzaren kudeaketa herri lehiakorrago eta iraunkorrago baten zerbitzura jartzen ahaleginduko dira. Bere arabera, baso kudeaketa jasangarri batek bioaniztasuna dakar, landa eremu biziak, higadura gutxiago, sute arrisku txikiagoa, aire eta ur garbiak, baita gozatzeko espazioak ere. Gaineratu zuenez, 19.000 lanpostu, manufaktura industriaren %9,6, jarduera horien mende daude.

CO2 gutxiago, petroliotik eratorritako produktu gutxiago, energia garbiagoa eta eraikuntza jasangarriagoa ere bultzatzen du. Eta «autonomia estrategikoari» laguntzen dio, «egurra zero kilometroko baliabidea delako, naturala, biodegradagarria, birziklagarria eta, gainera, ugaria», baloratu zuen lehendakariak.