Mikel URDANGARIN IRASTORZA

Jakin eta NAIZ, lanerako batuta

«Euskal pentsamendu kritikoa sortzeko eta gizarteratzeko» helburuz, NAIZek eta Jakinek elkarlan hitzarmena sinatu dute.

Joanmari Larrarte Jakineko lehendakaria eta Ane Urkiri NAIZeko zuzendaria.
Joanmari Larrarte Jakineko lehendakaria eta Ane Urkiri NAIZeko zuzendaria. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Elkarlana, sinergiak, artikulazioak... askotan esaten den bezala, Euskal Herriaren, hizkuntzaren, kulturaren eta pentsamenduaren eraikuntzan ezinbestekoak dira halakoak. Bada, hitzak ekintza bihurtzeko asmoz, Jakinek eta NAIZ osatzen duten komunikabideek elkarlan hitzarmena sinatu zuten atzo. Martin Ugalde Kultur Parkean (Andoain) egin zuten sinatze ekitaldia, eta bertan Joanmari Larrarte Jakin Fundazioko lehendakariak eta Ane Urkiri NAIZeko zuzendariak parte hartu zuten. Bi erakundeen arteko harremana aspaldikoa bada ere, «elkarlana antolatu eta areagotu» egin nahi dute horrela. Larrartek eta Urkirik azaldu zutenez, zehazki, «euskarazko pentsamendu kritikoa sortu, gizarteratu eta ikusgarritasuna ematea bultzatuko da». Bide horretan, «ikuspuntu kritikoa garatzea, euskal erreferentzia kultural eta intelektualak gizarteratzeko kazetaritza transmediaren baliabideak probestea, euskara ez dakiten euskal herritarrei ere erreferentzia horiek ezagutaraztea eta, orokorrean, eztabaida publikoaren maila hobetzea eta hori pentsamendu autozentratuaren ildoan bideratzea bilatzen da». Horretarako, hainbat konpromiso eta lan ildo adostu dituzte.