Amaia EREÑAGA

TXILLARDEGI EZ DAGO BAKARRIK «ZERUBIDEN»

Txillardegi klasiko gisa irakurria eta aitortua izan zen atzo Arriaga antzokian, ehunka ahotsetan. Bilbo, Donostiaren eredu?

Joseba Alvarez eta Karmelo Landa. Hondoan, Joseba Sarrionandia.
Joseba Alvarez eta Karmelo Landa. Hondoan, Joseba Sarrionandia. (Aritz LOIOLA | FOKU)

«Bakarrik nago ‘Zerubide’-n. Baina ez nitaz urrikal, nahita etorri naiz-eta bakarrik egotera. Eta bai pozik, alegia!». Joseba Sarrionandiak ahotsa jarri zion atzo Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi (Donostia, 1929-2012) hizkuntzalari, idazle eta politikariaren “Leturiaren egunkari ezkutua” (1957) nobelaren lehen hitzoi, goizeko 8.00etan. Eta Joseba Alvarezek, omenduaren semeak, irakurri zituen azken hitzak eguerdian: «Nire aurrean bare, urdin, argitsu, zabal, itsasoa. Betiereko itsaso baztergabea». Txandaka, 400 bat lagunen ahotsak entzun ziren Arriagako foyerrean egin zen Bilbo Zaharra euskaltegiak antolatutako Klasikoen Irakurraldi Jarraituaren 19. edizioan. Udalak, Aldundiak eta Laboral Kutxak babestutako ekimenak arlo guztietako ordezkariak erakarri zituen; horien artean NAIZ Irratia, Itxaso Leon Kareaga esatariarekin. «Familiak asko eskertzen du hau antolatu izana -Joseba Alvarezek-. Interesgarria da, polita eta, Donostiari begira, eredu bat izan daiteke, Donostian ez baita behin ere egin horrelakorik. Euskal klasiko guztiekin egin beharko litzatekeen lana da, belaunaldi berriei begira haustura hori gerta ez dadin».