Gaizka IZAGIRRE
HERNANI
DUE SPICCI

Zerocalcareren harribitxi berria

Telesail berrian sartu aurretik, komeni da Zerocalcareren arrastoa nondik datorren ulertzea. 2021ean “Strappare lungo i bordi” aparta estreinatu zuen. Komikigilearen bizipenetan oinarritutako animaziozko seriea, bere kontzientzia bihurtutako armadilo erraldoi bat erdigunean jartzen duena. Egunerokoaren kaosari buruzko bakarrizketa etengabea da. 2023. urtean, berriz, “Questo mondo non mi renderà cattivo” lanarekin itzuli zen. Unibertso bera, pertsonaia berberak, baina tonu ilunago batekin.

Eta orain dator “Due spicci”. Zerok eta Cinghialek negozio txiki bat dute, baina fakturak pilatzen diren bezala pilatzen dira gatazkak ere. Bien arteko komunikazioa urratzen hasiko da, eta drama pertsonalek pixkanaka adiskidetasunaren oinarriak higatuko dituzte. Iraganetik itzulitako pertsona batek eta ustekabeko ardurek are gehiago estutuko dute berez hauskorra den erlazio hori. Eta, noski, berriz ere alboan izango du armadilo laranja bitxi hori.

Zerocalcarek beste behin erakusten du animazioa tresna oso eraginkorra dela mezu garrantzitsuak zabaltzeko. Umorea helduleku gisa erabilita, ekoizpen oso irudimentsua sortu du, eta, aldi berean, mezu indartsuak plazaratzeko gai da. Bere animazio estiloaren itxurazko sinpletasunak indar handiagoa ematen die hitzei, eta edozeinek bere buruaren islaren parte bat aurkitzeko moduko egoerak sortzen ditu gidoiak: laguntasunaren nekeak, helduaroaren beldurra, militantziaren higadura edo etorkizunari buruzko ezintasun sentsazioa.

Eta guztia, beti bezala, Zerocalcareren ohiko erritmo zoroan gertatzen da. Pentsamenduak geziak bezala gurutzatzen diren bitartean, iruzkin ironikoek arnasa hartzeko tarterik uzten ez duten bitartean, eta kaos mentala segundo bakar batez ere isiltzen ez den bitartean. Bikaina!