Igande goizez
Neoliberalismoa apurka-apurka bere beso militarren laguntzekin (Nazioarteko Diru Funtsa, Munduko Bankua...) egitura kolektibo oro deuseztatzeko programa politiko eta ekonomikoa da. Estatuko maila goreneko botereetan, lan merkatuan zein enpresetan erabiltzen den programa honek jendea txirotzen du giza hondakin bihurtu arte. Austerizidioak publikoa den oro murrizten du, irabaziak pribatizatu eta gastuak ditu sozializatzen, langabezia hauspotu eta akziodunak ditu gizentzen. Darwinismo moral honek (Pierre Bordieu soziologoari zor zaio kontzeptua) ugazabak lehen lerroan ezarri eta kasik heroi gisan ezartzen dizkigu, enprendedoreak baitira, alajaina, aberastasunaren sortzaile porrokatuak -nola ez ba?-, Tamara Yagüe Konfebaskeko presidenteak esan bezala.
Kontuak, ordea, ez zaizkit ateratzen ongi; izan ere, aberastasuna «soldatapeko esklaboek» sortzen dute beraien izerdiarekin. Hain zuzen, ordu bateko lanarekin 70 euroko aberastasuna sortzen du langile batek, baina ordaindu 17 euro bakarrik ordaintzen zaizkio. Lan indarraren bitartez ekoitzi duen langileari ordaintzen ez zaion zati horri gainbalioa deitzen zaio eta horrekin aberasten dira gure ugazaba prestuak. Marxismoa bezain zaharra da hau. Ugazaben «sakrifizioa» azpimarratzen da, baina ez langileen sufrikarioa. Haien lana erreportxurik gabea da; hauena, aldiz, bazter nahastaileena.
Herbert Marcusek dio kapitalismo berantiarra erregimen errepresiboa dela, bere muina alienazioan errotua duelako, beharren apologia egin eta kontsumoaren jopu bihurtzen gaituelako. Existentzialismo kapitalista baten modukoa edo. Gurpil zoro baten antzekoa, zeinean bueltaka gabiltzan.
Itxuraz mundua kiebrara doa eta nonbait kapitalismoa atzeraldi batekin soilik atera daiteke atzeralditik. Baina oroz gain, Rafael Heiber soziologian doktore denaren esaldia iltzatu zait burmuinean: «Neoliberalismoak huts egin du eta ondoren datorrena okerragoa izan liteke». Senperrak ikusiko ditugula, alegia. Egunkaria besapean hartu eta ostatura sartu naiz. Beste zer egin dezaket igande goiz batez?

La UCO y la UDEF, marcadas por la violencia y el espionaje

Así es Trepador, candidato principal a ser el oso que llegó hasta las puertas de Ezkaroze
Sidenor: arraigo vendo, que para mí no tengo

Ya negocian por Víctor Muñoz: más de 30 kilos y una fecha tope, 30 de junio
