Gaizka IZAGIRRE
Zinema kritikaria

Hau ez da Suedia

Gaur iritsiko da zinema aretoetara Aina Clotet zinemagile katalanaren lehen film luzea, eta aitzakia ezin hobea iruditzen zait 2023an estreinatu zuen telesaila gomendatzeko: “Això no és Suècia”.

Seme-alabak bizitzako arriskuetatik babesteko asmoz, bikote gazte batek bizi dituen kontraesanak, zailtasunak eta erronkak erakusten dituen telesail dramatiko eta, aldi berean, dibertigarria da. Gurasotasunari eta ziurgabetasunari buruz dihardu, eta aztertzen du nola guraso bihurtzen garen unean gure baitan sortzen diren itxaropenak askotan ez diren bat etortzen errealitatearekin.

Mariana eta Samuel bikotea, hiriko bizitza atzean utzita, seme-alabekin Bartzelonako mendialdeko herrixka batera bizitzera joango da. Helburu nagusia beste bizimodu baten aldeko apustua egitea da, eta horretarako haurren hazkuntza jarriko dute erdigunean. Mariana, gainera, obsesionatuta dago Suediak duen ereduarekin.

Aldaketa, beldurra, mugak, sexua, familia, kontziliazioa eta autoezagutza… atal bakoitzaren izenburuak izateaz gain, telesailak jorratzen dituen gai nagusiak ere badira. Zortzi ataletan zehar buru-osasuna, bikote-harremanak, “maskulinitate berriak”, zaintza eta halako gaiak jorratzen dira.

Aina Clotet bikain dago, baina Lia alaba gorpuzten duen Violeta Sanvicens-ek egiten duen lana ere txalotzekoa da.