Txipen industria-politikak
Aurreko artikulu batean (“Txipen gerra teknologikoa”, 2026-05-17) azaldu zen nola gailu informatiko eta elektronikoetako txipak funtsezko elementu bihurtu diren gaur egungo ekonomian, mundu mailako merkataritzan bigarren ondasun esportatua bihurtzeraino, petrolioaren atzetik, eta nola izaera estrategikoa irabazi duten, ekoizpen-sistema osoen funtzionamendua baldintzatzera iristeraino. Testuinguru horretan, Amerikako Estatu Batuek txipen esparruan abiatutako gudu teknologikoan zentratu zen artikulua, baita Txinaren erreakzioan ere. Gaurkoan, hariari tiraka, munduko hiru ekonomia handienek txipen eremu estrategikoan kokalekua hobetzeko estrategiak izango dira aztergai.
AEBk aipatutako gerra teknologikoa 2018an hasi bazuen ere, koronabirusaren pandemiak (2020-2023) ageriago jarri zituen industria honen zaurgarritasunak. Txipen abaguneko eskasiaz gain, krisiak produkzio kate globalaren egitura oso zatikatua erakutsi zuen, non diseinua, fabrikazioa, materialak eta muntaketa eskualde oso espezializatuetan banatzen diren. Ahultasun hori segurtasun ekonomikoko arazo larritzat hartu zen, eta ekonomia nagusietan industria-politika proaktiboranzko ziaboga ekarri zuen. Estatu Batuek, Europar Batasunak eta Txinak industria-politika esplizituekin erreakzionatu zuten. Lehenak bizkor erreakzionatu zuen Chips and Science Act legearen bitartez 2022an; Europar Batasunak, European Chips Act-ekin, 2023an; eta Txinak bere autosufizientzia teknologikoaren estrategian sakondu egin zuen.
Chips and Science Act programa estatubatuarra azken hamarkadetako esku-hartze industrial handienetako bat da. 52.700 milioi dolar inguru mobilizatu ditu erdieroaleen sektorerako, 280.000 milioi inguruko pakete zabalago baten barruan. Bere logika argia da: Ipar Amerikako lurraldean ekoizpen gaitasun aurreratua erakartzea eta berreraikitzea, hamarkadetako deslokalizazioari itzulia emateko. Horretarako, inbertsiorako zuzeneko laguntzak, zerga-pizgarriak eta prestakuntza eta ekosistema teknologikoak laguntzeko programak konbinatzen ditu. Eragin handia izan du: 500.000 milioi dolarretik gorako inbertsio pribatuak iragarri dituzte Intel, TSMC eta Samsung enpresa handiek, esaterako. Politikak, gainera, osagai geopolitiko esplizitu bat ere badu; izan ere, laguntzak jasotzen dituzten enpresei Txinan hedatzeko gaitasuna mugatzen zaie denbora luzez, eta horrek Estatu Batuetan inbertsioak lokalizatzeko pizgarria sendotzen du. Laburki esanda, honakoa eredu zentralizatua da, gaitasun fiskal handikoa, eta enpresen ekoizpen-kokapeneko erabakiak aldatzera bideratua.
Europar Batasunaren erantzuna European Chips Act programa izan da. Helburuak partekatzen ditu, baina tresnak eta eskala ez dira berdinak. Programak 43.000 milioi euro mobilizatzea aurreikusten du, baina funts europarrak, estatalak eta pribatuak konbinatuz. Hasierako helburua 2030ean munduko ekoizpen-kuota %20raino bikoiztea zen, baina gaur egungo ebaluazioek lorrezintzat jotzen dute jada. AEBren kasuan ez bezala, Europako estrategiaren ardatza ez da ekoizpen-ahalmen masiboa azkar berreraikitzea, ekosistema osoa indartzea baizik. Hiru ardatz nagusi ditu: ikerketa eta diseinua bultzatzea, ekoizpenari laguntzea eta merkatua zaintzeko mekanismoak, hornikuntza-katean gerta daitezkeen krisiei aurrea hartzeko. Estrategiaren diseinuak, esku-hartze zuzenari baino, logika sistemiko bati gehiago erantzuten dio, non koordinazio- eta erresilientzia-tresnek presentzia handia duten. EBk, gainera, abiapuntuko posizio ahulagoa du.
Bi ereduen arteko alderaketak funtsezko ezberdintasunak agerian uzten ditu. Lehenik eta behin, finantza-eskala eta esku hartzeko ahalmena oso desberdinak dira: AEBk baliabide nabarmen handiagoak ditu, eta zuzenean bideratzen ditu; Europar Batasuna, ordea, erakunde-maila anitzen arteko koordinazioaren mende dago, zehazki 27 estatuena, eta horrek murriztu egiten du bere jardueraren azkartasuna eta irmotasuna. AEBko gobernu federalak zuzenean 52.700 milioi dolar dirulaguntzetan erabili baldin badu, Europako Batzordeak 3.300 milioi euro baino ez; aurreikuspenen gainerakoa estatuetako aurrekontuetatik eta inbertsio pribatuetatik letorke. AEBn, esku hartzeko gaitasun handiko zuzeneko finantzaketa federala da nagusi; Europar Batasunean, inbertsioak mobilizatzea eta koordinatzea da eginkizun nagusia, maila anitzeko esparru baten barruan.
Bigarrenik, tresnen izaera aldatzen da: Estatu Batuetako ereduan pisu handiago dute, baita portzentajean ere, ekoizpenera zuzenduriko dirulaguntza zuzenek, 39.000 milioi dolar inguru, eta zerga-pizgarriek, bereziki inbertsiorako % 25eko kreditua. Europako ereduak, berriz, zeharkako pizgarriak, erregulazio-esparruak eta koordinazio-mekanismoak lehenesten ditu.
Hirugarrenik, dimentsio geopolitikoa esplizituagoa da Estatu Batuetan, non industria-politikak lotura estua baitu segurtasun nazionalarekin. Europako ikuspegia, ordea, epelagoa da, haustura zabalik gabeko autonomia estrategikora eta merkatura zuzenduagoa. Desberdintasun horiek industria-politikako bi eredu islatzen dituzte: batak, zuzeneko esku-hartzearen bidez produkzio-ahalmena berreraikitzea bilatzen du, eta besteak, erakundeen koordinazioaren eta suspergarrien bidez ekosistema indartzea. AEBn, enpresen erabakietan eragiteko gaitasun handia duen zuzeneko finantzaketa federala da nagusi. Europar Batasunean, berriz, inbertsio pribatua mobilizatzea eta koordinatzea da eginkizun nagusia, maila anitzeko esparru baten barruan.
Konparazioan Txina sartzen denean, hirugarren eredu are berezituago bat azaleratzen da. Txinako estrategia Estatuaren esku-hartze intentsibo eta iraunkor batean oinarritzen da, autosufizientzia teknologikora bideratuta. Made in China 2025 bezalako ekimenek inbertsio publikoko bolumen handiak mobilizatu dituzte, balio-kate osoan zehar tokiko industria oso bat eraikitzeko. Herrialdeak atzerriko teknologia kritikoen mende jarraitzen badu ere, bereziki segmentu aurreratuenetan, aurrerapen garrantzitsuak lortu ditu manufakturan eta azken produktuetan.

Inédito acuerdo PNV-EH Bildu por el euskara y contra el atropello judicial

MITOAROA III-k San Mames distopiko bihurtu zuen
Cero en euskara: un fraude de ley

La conjura de los medios para acabar con Pedro Sánchez
