GARA
LESAKA

Lesakarrak sei eguneko jai zurrunbiloan barneratuko dira astelehenean

Aurten ere San Fermin jaiak puntu-puntuan iritsiko dira Lesakara. Astelehenean, eguerdiko hamabietan, Luis Mari Olaetxea herritarrak botako duen etxafuegoak hasiera emanen dio sei eguneko jai egitarauari. Txosnaguneko ekitaldiez gozatzeko, berriz, heldu den ortzegunera arte itxaron beharko da.

Lesakako ezpata-dantzariak, plazako kioskoaren parean dantzan, iaz.
Lesakako ezpata-dantzariak, plazako kioskoaren parean dantzan, iaz. (Gorka RUBIO | FOKU)

Jaien hasiera ofiziala uztailaren 6an izanen da, baina asteburu honetan ere musika eta dantza ikuskizunak izanen dira herriko hainbat txokotan. Horien artean nabarmentzekoa da gaur bertan izanen dena; Lesakako Musika Bandak Pepito Yanci akordeoilari famatuaren omenez atera duen diskoa aurkeztuko du. Gaueko hamarretan hasiko da emanaldia Albistur kalean eta bertan Euskal Herri osotik etorritako akordeoilariek ere parte hartuko dute gonbidatu gisa. Horrez gain, gaurko beste ekitaldi nagusia Udalaren eskutik iritsiko da: Pepito Yanci izena jarriko dio akordeoilaria jaio zen karrikari.

Bihar eta etzi arratsaldean dantza taldeen txanda izanen da eta astelehenean, goizean goiz, Lesakako erraldoi eta buruhandiak, txistulariak, trikitilariak eta Elutxa txaranga aterako dira kalez kale. Txupinazoa eguerdiko hamabietan izanen da Herriko Etxean, eta aurten Luis Mari Olaetxea Altzugarai arduratuko da suziria aireratzeaz. 68 urteko herriko seme hau buru-belarri jardun da azken urteetan inguruetako bide zaharrak berreskuratzen, egurrezko zubiak egiten eta ubideak garbitzen, betiere beste herritar batzuekin auzolanean.

SEI EGUNEZ FESTA GIROA

Behin etxafuegoa botata, jai giroa zabalduko da herrian sei egunez, hurrengo larunbatera arte hain zuzen. Astelehenean bertan bi danborrada izanen dira; haur ttikiena, eguerdian, eta helduena, 20.00etan. Eguna amaitzeko, Jon Koldo Gudariak eta Zilibito Records taldeen emanaldiak izanen dira plaza zaharrean.

Uztailaren 7an San Fermin eguna ospatuko dute lesakarrek ezpata-dantzarien meza isilarekin hasita. Meza nagusiaren ondotik, udalbatzak, ezpata-dantzariek eta musika bandak prozesioa eginen dute eta, segidan, Onin errekaren bi aldeetan egiten den zubigaineko dantza ikustera joanen dira. Arratsaldean bertso saioa izanen da Arrano elkarteak antolatuta, eta ondoren, larrain dantza, zezensuzkoa eta Rockalean taldearen emanaldi ibiltaria.

Uztailaren 8an, asteazkena, peñen eguna ospatuko dute; ortzegunean, berriz, haurren eguna; ortziralean, herritarren eguna, eta larunbatean jaien amaiera izango da “Gaixoa ni” ekitaldiarekin.

Txosnagunean ere egitarau zabala prestatu dute datorren astebururako. Horrela, ortzegunerako gazte bazkaria eta Pettiren emanaldia daude iragarrita; ortziralerako, DJ emanaldiak, eta larunbaterako, kontzertuak eta DJak arratsaldez eta gauez.

Autobus zerbitzu bereziak izanen dira hilaren 10ean eta 11n, Arantza, Igantzi, Etxalar, Bera, Donostia eta Irundik.