Asier ROBLES
BILBO
OSAKIDETZAKO MAHAI SEKTORIALA

LABek 180 borroka antolatu ditu ikasturtean, 86tan grebara joz

LABen ekintza sindikaleko ikasturteko txostena aurkeztu du Oihana Lopetegik.
LABen ekintza sindikaleko ikasturteko txostena aurkeztu du Oihana Lopetegik. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

LABek 2025-2026 ikasturteko Ekintza Sindikaleko Informea aurkeztu zuen atzo Bilboko egoitzan. Zenbaki zehatzei dagokionez, 180 borroka antolatu ditu LABek, eta horietatik 86tan greba erabili du.

Nabarmendu den dinamiketako bat gutxieneko soldata propioaren aldekoa izan da. LABen ustez, «funtsezkoa» da tokiko errealitatera egokitutako gutxieneko soldata duina, «soldata arrakalak txikitzeko, pobrezia eta prekaritatea murrizteko eta aberastasunaren banaketa bidezkoagoa sustatzeko». Hala eskatu zuen beste sindikatuekin batera 2026ko martxoaren 17ko greba orokorrean. «Gaur egun gero eta zabalduago dago Euskal Herriak bere gutxieneko soldata erabakitzeko eskubidea behar duela, eta 1.500 eurotik beherako soldatak ez direla onargarriak», azpimarratu zuen Oihana Lopetegi ekintza sindikaleko arduradunak.

Industriaren sektoreko egoeraz ere mintzatu zen, eta nabarmendu zuen enpleguaren defentsak lehentasun sindikala izaten jarraitu duela. Sindikatuak aktibatutako borroken erdiak erasoei aurre egiteko izan dira, eta horietatik %60 kaleratzeei, Enplegua Aldi Baterako Erregulatzeko Espedienteei edo itxierei aurre egiteko izan dira. Maderas de Llodio eta Tubos Reunidoseko gatazkak jarri ditu adibidetzat.

Sindikalismo feministaren eta antirrazistaren arloan ere ikasturteko balantze positiboa egin du LABek. Sektore feminizatuetan lortutako emaitzek antolakuntza sindikalaren «eraginkortasuna» erakusten dutela nabarmendu zuen. Zehazki, administrazio publikoaren azpikontratetan gatazken itxiera tasa %15,8tik %46ra igo dela azaldu du; zaintza sektorean, %20tik %39ra; eta sektore feminizatu guztiak kontuan hartuta, %24tik %39ra.

Etxebizitzaren arloan egindako apustua ere nabarmendu du LABek. Azaldu du lehen aldiz jaso dituela ekintza sindikalaren txostenean etxebizitzaren eremuan aktibatutako borrokak, eta ikasturte honetan sei gatazka kolektibotan parte hartu duela eta beste hainbat aholkularitza kolektibo egin dituela. Horiei esker, etxegabetzeak geldiarazi, alokairu kontratuen baldintzak hobetu eta bidegabeki kobratutako dirua berreskuratzea lortu dela nabarmendu du sindikatuak.