USaP azterketaren zuzenketei dagokienez
Unibertsitatera sartzeko probako (USaP) Euskara azterketetako zeroek ekarri polemikaren aurrean, Agora Filosofia Elkartetik zuzentzaileekiko elkartasuna adierazi nahi dugu, irakasleen profesionaltasuna zalantzan jartzea ez baita zilegi. Halaber, euskalduntze sistema berrikusi beharra dagoela ere nabarmendu nahi dugu. Horretarako, zenbait puntu azalduko ditugu jarraian:
1. Zuzentzaileen profesionaltasuna. USaP zuzentzaileen lanak ardura handia eskatzen du. Ikasle batek bere nota berrikustea eskatzea guztiz zilegi da, eta gerta zitezkeen gorabeherak ikertzea ere bai. Baina oso bestelakoa da zuzentzaileen jarduna arbitrariotzat, axolagabetzat edo fede txarrekotzat jotzea. USaP azterketak zuzendu ditugunok ebaluazio-irizpideak aplikatzen ditugu, jakinik azterketa bakoitzaren atzean ikasle bat eta haren etorkizuna daudela.
2. Objektibotasun bermea. EHUk zuzentzaileen objektibotasuna bermatzeko mekanismoak ditu. Publikoak dira EHUren “2026ko USaP zuzentzeko eta kalifikatzeko irizpideak”, irakasleon eskura jartzen direnak. Ebaluazio irizpide bateratu horiez gain, azterketak modu anonimoan zuzentzen dira eta bigarren zuzenketak daude, zeintzuetan, akatsak antzemanez gero, zuzendu daitezkeen.
3. USaP zalantzan jartzea ez da gaurko kontua. Ikasleek azterketa bakar batek suposatzen duen presioa salatu izan dute, irakasle askok ere zalantzan jarri dute benetan neurtzen ote dituen ikasleen gaitasunak, ikasleen benetako interesak eta gaitasunak neurtzen dituen ezbaian jarri daiteke, eta baita euskal gizarteak dituen behar sozial eta laboralak asetzen dituen. Segregatzailea dela azaleratu dute askok. Agora Filosofia Elkartetik ere seinalatu ditugu ikusi ditugun gabeziak eta hobekuntza proposamenak egin ditugu. EHU eredua berrikusten dabil konpetentziei egokitzeko, eta irakasle askok zalantzan jartzen jarraitzen dute/dugu eredua egokia den. Baina gauza bat da sistema kritikatzea, eta beste bat sistema horretan lanean ari diren profesionalak deslegitimatzea.
4. Zergatik ez «0»? Idatzizko ekoizpena eskatzen duten ikasgaietan iradokitzen da ikaslea ez dela hutsetik abiatzen eta, ondorioz, zeroa ateratzea ezinezkotzat hartzen da. Gogoan izan behar da ortografiak 2 puntura arte penalizatu dezakeela hizkuntzetan. Hizkuntza-ikasgaietan zeroaz kalifikatzeko aukera ukatzeak ebaluazio-irizpideak desitxuratzen ditu eta haien izaera akademikoa infantilizatzeko arriskua dakar.
Agoratik filosofia euskaratik eta euskaraz egitearen aldeko helburua ere badugu. Emaitzek eta gure eskoletako errealitateek erakusten dute, euskalduntze sistema berrikusi beharra dagoela eta neurri ausartak hartu behar direla, filosofo, erizain, administrari, zahar egoitzako langile edo mediku euskaldunak euskal gizartearen beharrei erantzun diezaieten.
5. Eta inork ez badu zuzentzailea izan nahi? Azken asteotan zuzentzaileen lana eta profesionaltasuna zalantzan jarri da, susmopean. (...). Zer gertatuko litzateke orain susmopean dagoen lan hori inork bere gain hartuko ez balu?
6. Zuzentzaileekiko elkartasuna. Filosofia irakasleen elkarte bezala beti bultzatuko dugu pentsamendu kritikoa. USaP zuzenketa lanean diharduten profesionalak babesteko aldarria egin nahi dugu. Haien profesionaltasunak, zorroztasunak eta konpromisoak errespetua eta konfiantza merezi dute.

Militares israelíes piden detener las acciones «terroristas» de los colonos

«Ohorea izan da Zarauzko alkatea izatea; plazera ez beti, gogorra ere izan delako»

«Zaila da memoria lantzea, jende aunitzek ez du arbasoen ardura ikusi nahi»

«Hemos gestionado grandes proyectos en una legislatura dura»
