GARA

Eguzkia, festaren izar nagusia

Abuztuaren 8tik 15era bitarte, Donostia Aste Nagusian murgilduko da. Udalak 416 jarduera antolatu ditu hiriko 30 gunetan.

Donostiako Aste Nagusiko programazioaren aurkezpena, Gladys Enea parkean.
Donostiako Aste Nagusiko programazioaren aurkezpena, Gladys Enea parkean. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Kanoiak lehen lerrora gerturatzen ari dira, eta bolbora usaina gero eta nabarmenagoa da Donostiako kaleetan. Hiritarrek festa gogoa dute. Egun gutxi besterik ez dira falta Donostiako Aste Nagusiari hasiera emateko, eta aurtengo festek azken urteetako egitaraurik «mamitsuena» izango dute. Udalak 416 jarduera antolatu ditu hiriko 30 gunetan, eta hainbat berrikuntzarekin dator egitaraua. Aste Nagusia abuztuaren 8an hasi eta hilaren 15ean amaituko da. Ohiko kanoikadak emango dio ongietorria festari. Aurten, Donostiako zazpi dantza talderen ordezkaritza izango da udaletxeko terrazan jaiei hasiera emateko. Berrikuntzei dagokienez, natura, zientzia, kultura eta tradizioa uztartuko dituzten hainbat jarduera eskainiko ditu Donostiako Udalak festen bueltan. Tartean, bisita gidatuak hiriko parkeetara, gastronomia txapelketak eta kirol jarduerak. Bestalde, festa lehertu eta lau egunera, abuztuaren 12an, eguzki eklipseak hiria hartuko du. Hori dela eta, arratsalde osoan zehar Katalunia plazan eta Saguesen zientzia, dibulgazioa eta jai giroa uztartuko dituzte etxeko txikienentzako jarduerekin. Ostean, bertatik jarraitu ahalko da eklipsea.