Ritxi AIZPURU
Musika pentsalaria

Musikaren pozak

Pozez zurtuta zein liluratuta egotekoa al da Musika Bulegoak lau talderi emango dizkien 1.500 euroko bekak, edo txundituta gogoratuko ditugu 2022tik hona Last Tour jeltzaleak poltsikoratutako 12 milioi euroak Jaurlaritza, aldundi eta Bilboko Udaletik? Edo beste bi talderen artean lortutako milioi euro aztoratzaileak? Beka zerutar horrek mitoen pare paratuko al ditu zorioneko lau talde horiek? Edo agian izango da musika industriatik jasoko duten mentoretza zirrikitu eta bidezidorren estrategiak ikasi eta ospetsu eta arranditsu izateko? Edo konformatu, begiak itxi eta mingaina zuloratzeko? Dena, dena den, pozarren. Edo? Bai. Lau proiektu horiek emergente (gogaitzen nauen hitzetako bat da, musika emergentea, eta horrela) izatera ahalbidetuko al ditu?

Aurten ez, baina Glad Is the Day pozarren disfruta dezakegu Gladys parketik gertu, Tabakaleraren aurrealdean eta alboetan, bakean utzita parkeko zuhaitzak, landare eta gainerako fauna. Egia Bizirik eta Parkea Bizirik elkarteen arrazoinamenduak entzun ondoren, pozarren ikusiko nuke Glad Is The Day Gladys parketik kanpo. Naturagune horrek jaialdiko egunean hartzen duen jipoia handia da. Belarra kiskali egiten da, maskaldu, bertako fauna aztoratu. Udaleko teknikari fauna haserretu egin da.

Eta Kaleko Afari Solidarioak bota ditu kaletik Donostiako alkateak, maskala baino erabaki ankerra.