Sabin Etxeko leihoak
Politikan gauza gutxi gertatzen da kasualitatez. Joseph Overtonek 90eko hamarkadan garatutako aukera politikoen leihoaren teoriaren arabera, alderdi politikoek ez dute iritzi publikoa gidatzen, atzetik joaten dira, eta aukera leiho horretatik kanpo geratzeko arriskuaren aurrean, estrategia politikoak martxan jartzen dituzte. Leihoa higikorra izaten da: pentsaezina zena erdigunera pasatu daiteke eta legitimoa zena kanporatu. Aurkariak muturreratu eta norbere burua erdigune arrazional gisa eraikitzeko helburua izaten du.
Espainian, Felipe Gonzalezen pintzaren teoria ahaide zaio kontzeptu horri, komunisten eta eskuinaren artean ezarriz. Aspaldiko errezeta erretoriko hori Sabin Etxean urteetan zabalik izan dute.
EAJk berrogei urte daramatza teknika hori praktikan jartzen ezker independentistaren eta eskuin espainolistaren artean, instituzioetan azaleratuz. Ardanzak Herri Batasuna kanpoan uztea hobetsi zuen, eta 1987tik aurrera PSErekin gobernatu zuen, garai gogorrenetan ere. Ibarretxek Eusko Alkartasunarekin gobernatu zuen lehen legealdian, bai eta Ezker Batuarekin ondorengoan ere, ezker abertzalea beti kanpoan utzita. Patxi Lopez izan da jeltzale izan ez den lehendakari bakarra, ezker abertzalea ilegalizatu eta PPren babesari esker. Urkulluren hamabi urteetan “erabakitze eskubidea” denon ahotan zegoen, Katalunian procés independentista bizi zen bitartean; EAJ, ordea, bide unilateraletik nabarmen aldendu eta “euskal bide” propioa aldarrikatu zuen, praktikan PSErekin gobernatuz eta PPrekiko negoziazio bideak zabalik mantenduz biolentziaren zikloari aterabidea bilatzen zion ezkerreko independentismoa alboratuz.
Gaur, Pradalesen Gobernuak Gernikako Estatutuko transferentzien egutegia atzeratua ikusten du -berriz prorrogatua-, Anduezak behin eta berriz gobernu ituna zalantzan jartzen du, baina PSE bazkide fidagarri ezinbestekotzat du. EH Bilduren gorakada geldiarazi eta botere instituzionala mantentzeko, PPren bozkak ere negoziatu izan ditu, aldundietan nahiz udaletan ere.
Overtonen leihoaren teoriari jarraikiz, EAJk berriz bere burua zentroan jarriko du, batetik, VOXen demonizazioaz PPren normalizazioa bilatuz, eta bestetik, EH Bildu muturreko eta ezezkoan agertuz. Gizarteak une bakoitzean zer den “onargarria” erabakitzen du. Leiho horren barruan daude jende gehienak onartzen dituen ideiak. Leihoaren kanpoan daudenak, aldiz, «erokeriak» edo «muturrekoak» iruditzeraino. EAJk hainbatetan errepikatzen du «los extremos se tocan», EH Bildu eskuin muturrarekin sinbolikoki parekatuz eta, era berean, PP onartuen klubean sartuz.
EAJren eta PPren artekoak ez dira berriak. 1996an, Arzallusek eta Aznarrek itun bat sinatu zuten PNVren botoen truke, Gernikako Estatutuaren garapena agindu ziotelarik. 30 urte igarota ere, errentagarriagoa zaio oraingoz abertzaleen arteko itunak baino. Gipuzkoan, 2025eko aurrekontuak PPren botoekin onartu ziren, EH Bildu bazterrean utzita. Aldi berean, VOXekiko urruntze erretorikoa kudeatzen du hitzez, PP bazkide instituzional izaten jarraitzen duen bitartean. Hitzez muturreratu, ekintzaz normalizatu.
Azkenaldian, Estebanek berak baztertu zuen 2023an PP babestea, alderdiak VOXekin «marra guztiak gainditu» zituela argudiatuz, baina EAJ barruan, nahiz eta ildo monolitikorik ez egon, ez da eztabaidatzen ea PP normalizatu behar den, baizik eta zenbateraino eta zer kostuz.
PSOE, PP eta nazionalisten arteko garai bateko estatu itunekin amesten du oligarkiak, 78ko erregimena egonkortu eta independentismoaren eragina murrizteko asmoz. Ez litzateke harritzekoa EAJ barruan ere sektore batek hurbilketa hori onartzea, VOX “frenatzeko” aitzakiapean, eskuin muturrari aurre egiteko modu gisa, bipartidismora eta birzentralizaziora bueltatzeko.
Baina konturatu al dira euskal gizarteak hurrengo pantailara salto egin duela? Indar subiranisten bazterketarik gabeko politikagintza bat nahi duela?
Datorren olatuaren aurrean, eskubideak blindatu behar ditugu. Erabakitzeko ahalmena, pedagogia antifaxista, naziogintza, sistema publikoa indartu, herri ikuskera estrategikoa, gobernantza demokratikoa…
Atea itxi digutenen aurrean, leihoa Euskal Herrian irekiko dugu.

Reunidos por EH Bildu: de separarse en Txiberta a llamar hoy a la unidad

EH Bildu abarrota Bilbo por Euskal Herria y contra el auge del fascismo

Ipar Euskal Herria volverá a tener representación 15 años después

Guía para este 11N: huelga, marchas mañana y tarde... ¿y desahucios?
