GARA
BILBO

Ikasgeletan beroari aurre egiteko programa pilotua iragarri du Lakuak

Iragan ikasturtean hainbat gurasok salatu zuten haien seme-alabak tenperatura altuen ondorioz artatu behar izan zituztela. Arazoari aurre egiteko, EAEko Hezkuntza Sailak Hezigiro programa abiatu du.

Bilboko ikastetxeetako guraso elkarteek ekainean egindako elkarretaratzea.
Bilboko ikastetxeetako guraso elkarteek ekainean egindako elkarretaratzea. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Lakuako Hezkuntza Sailak Hezigiro programa abian jarri du, Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko ikastetxe publikoentzat Konfort Termikorako Plan gisa aurkeztu duena. Eskola-azpiegiturak klima errealitate berrira pixkanaka egokitzea du helburu programak, baita ikasleen eta langileen ongizate baldintzak hobetzea ere.

Hain justu ere, aurtengo maiatzean hainbat haur artatu behar izan zituzten Bilboko ikastetxe publikoetan jasandako beroteengatik. Ikasleen gurasoek salatu zuten ikasgelak 35 gradura zeudela, eta konponbide bat eskatu zuten, «lehenbailehen». Muturreko tenperatura altuak, itzalguneen falta eta eskola publikoetan urtez urte metatutako inbertsio falta izan ziren, gurasoen aburuz, gertatutakoaren atzean.

Egoera ikusita, programa pilotu bat jarri du abian Hezkuntza Sailak, ekainean tenperatura altuak erregistratu zituzten Bizkaiko lau ikastetxe publikotan hain justu ere. Lehen pauso gisa, udako hilabeteak baliatuz, toldoak jarriko dituzte Barakaldoko, Bilboko eta Mungiako lau ikastetxe publikotan.

Aurreikusitako hurrengo jarduketen artean daude aireztapena hobetzea, itzaleko espazioak sortzea, birgaitze energetikorako jarduerak, eguzki babeserako elementuak instalatzea, patioak birnaturalizatzea, klima babeslekuak sortzea eta, baldintza teknikoek hala gomendatzen dutenean, klimatizaziorako berariazko irtenbideak. Hezkuntza Sailak arreta berezia jarriko du Lehen Hezkuntzan.