Liburu bat irakurle bila
Udalekuetara joatekoa zen alabaren amak lagun bati galdetu zion ea libururik sartu beharko zion motxilan. Lagunak, izu aurpegiarekin, ezetz erantzun zion, bullying edo jazarpena sufritzeko arrisku argian egongo baitzen umea. Amaren harridura infinitua izan zen, lotara joan aurreko ohitura sendoa bilakatua zelako zerbait irakurtzea. Ezin zuen ulertu zergatik ikusiko zuten haurrek «friki» modura lo egin aurretik liburu bat hartzea. Itxura guztien kontra, ume hura irakurle sutsua da helduaroan. Eta ez du beti paperean irakurtzen, jakina.
Anekdota hori baliatu nahi dut nire ustez okerrak diren bi ideia zalantzan jartzeko. Bata da hezkuntza sistema eta egun dituen baldintzak direla errudun nagusia ikasleen ulermen gaitasunean jasotako beherakada deigarrian. Konbentzituta nago haurrari txikitatik erakusten bazaio irakurtzeko plazera, irakurle bihurtuko dela. Eta hori etxean ikusi behar du, lehendabizi. Ikasle batzuen kasuan zeregin ia ezinezkoa da, eta, orduan bai, eskolak du ardura, halabeharrez. Baina eskolak ere gainezka egin dezake baliabide nahikorik egon ezean. Beste ikasle askoren kasuan, aldiz, gurasoak dira erantzukizun nagusia dutenak, ahalak dituztelako, hain zuzen ere. Eta muzin egiten diote zereginari. Errazagoa da eskolaren bizkarrean jartzea errua. Edo, bestela, gizartean dagoen pantailaren erabilera orokortuari. Hori da bigarren uste okerra. Digitalizazioa deabrutzeko joera horretan ahaztu egiten da pantaila baten bidez asko irakur daitekeela, asko ikas daitekeela, alegia. Papera ez da baliabide sakratua dagoeneko. Liburu digitalek, adibidez, arrakasta handia dute.
Niri neuri PISA txostenaren inguruan esan diren gauzetako bat gustatu zait asko: ikasteko gaitasuna galtzen ari garela. Umeak eta helduok. Ikasteko, irakurtzeko, kontzentratuta eta geldi egon behar delako. Lasai eta zaratarik gabe. Ahaztu egin zaigu zer den hori. Ahaztu zaigun bezala ikasteak ahalegina eskatzen duela, gutxieneko sakrifizioa exijitzen duela. Jarrera hori da umeak eta helduok galtzen ari garena.

10.000 diarios pensando lo mismo en María Chivite que en Arnaldo Otegi, en Itziar Ituño que en Unai Simón

Quien colectivamente canta, la ausencia y el olvido espanta

«Euskal Herria Irabaztera!» irten dira milaka lagun

Los guardias civiles que crucen la pasarela cobrarán más que los forales
