Gudari Eguna
Gudari hitza aipatzerakoan, alboan Eguna baino Aberria datorkit beti burura, izan ere, gudari izenaren arrazoia eta izana maitasunetik eta emankortasunetik baitator, herriari, lurrari, izaerari, gutasunari lotuta. Eta, eguna berriz, oroitzapenetik datorrela deritzot, gogoan izateko, eta esker ona adierazteko ere balio duena. Baina, bi hitzak baturik, egunak hartzen du indarra, gudariaren izanak bere arrazoia ezkutatuz, nire ustez.
Euskal Herria, gure lurra, eta gure hizkuntza euskara, antzinakoak direla guztiok dakigu, nahiz batzuek hori ere ukatu nahi diguten oraindik; gudari hitza, aldiz, berria da. Hori bai, gure asabak lur honetan finkatu zirenean guztion etxea eraiki eta antolatzeko asmotan -antzinako kontuak izango dira, historiaurrekoak beharbada-, orduan ere egongo zen herriko jende prestu eta balentriazkoa herri minez bere burua eskainiko zuena herriaren askatasunaren alde, gaur gudariak deitzen ditugunak, alegia.
Diktadura krudel eta luze baten botapean bizi izan garenok ederki asko dakigu zer nahi ez dugun inoiz inorentzat mundu honetan, bereziki euskal herritarrontzat. 1936ko Francoren estatu kolpeak ondorio latzak ekarri zituen espainiar Estatura, eta bereziki Euskal Herrira. Hori bizi izan dugunok ondo dakigu noraino heldu zen Franco bere faxismoarekin, Euskal Herriaren izena eta izana ezabatzea baitzen bere zeregina. Euskal Herria inoiz existitu izan ez balitz legez, lurra basamortu bihurtu, hizkuntza birrindu, euskal nortasuna desagerrarazi betirako lege bortitz eta zigor gordinen bidez. Franco eta bere morroi guztiek Euskal Herria zikiratua nahi izan zuten, baina ez zuten lortu herri mina, herri sena desagerraraztea. Eta, beldurra uxatuz, orduko gazteriak batik bat, jakin izan zuen aurre egiten diktadura madarikatuari; ondorioak, oraindik ere sufritzen ari garenak.
1960ko hamarkadako langile, laborari, gazte, emakume eta gizonak gorputz bat legez altxa ziren herria defendatzera, abertzaletasuna berpiztera, euskara bere lurra hartzera bultzatzera; eta elkarturik eman genion gure ametsei bidea. Harrotasuna eta zoriontasuna geureganatu genituen borrokaren bidez, eta garbi genuen ezkerreko abertzaletasunetik behar zela herria eraiki.
1970eko hamarkada abertzaletasunaren goraldiarena izan zela esango nuke; 1970. urtearen bukaeran, munduan zehar Burgosko Prozesua izenarekin ezaguna egingo zen Gerra Kontseilu Militarra egin zen. Hamasei ETAkide Francoren eta bere erregimenaren akusatuak izatetik akusatzaile izatera pasatu ginen, militarrei desesperazioa sortu arte, eta Euskal Herriaren existentziaren berri hedatu zen nazioartean. Epaiketa militarraren azken egunean, “Eusko Gudariak” abestuz agurtu genituen faxismoaren eredu zirenak, haien ezpatari aurre eginez, eta, esku burdinez loturik, ukabila altxatuta, Euskal Herria buru-bihotzean genuela, harrotasunez beterik handi sentitu ginen herriarekin bat eginik, zetorrena prest hartzeko askatasunaren alde, Lauaxetaren esaldi ederrean lez: «Dena emon behar yako maite dogun askatasunari». Eta herriaren borroka bikainak lortu zituen bederatzi heriotza zigorrak kommutatzea!
Bide horri ekin zioten Txikik eta Otaegik, herriarekiko maitasunean guztia zirena ematen. Herioak jota zela erabaki zuen Francok biak fusilatzea, FRAPeko hiru kiderekin batera, 1975eko irailaren 27an, duela 51 urte, alegia, Euskal Herria zigortzeko. Ezerezaren zuloan sentitu nintzen, euskal herritarren samina neureganatu nuen kartzelan, gose greban, Jokin Gorostidi eta beste ia bostehun kiderekin batera. Zarauzko eta Nuarbeko amen huts hotza barneratu nuela uste dut... Beldurgarria! Euskal Herriak, eta munduan zehar elkartasuna adierazi ziguten borrokalariek, galdu egin genuen bataila hori; porrotaren nahigabea abertzale eta ezkertiar guztiontzat. Faxista guztiek goraipatu zuten Madrilen Orienteko plazan Francoren tamainako balentria...
Frankismo faxista hori bizi izan genuenoi dagokigu horren transmisioa egitea era zabal eta sakonean, gizarte osoan, eta dauden baliabide guztiak erabiliz, deritzot. Kezkatuta bizi naiz ikusten ari naizen joera zikin baten aurrean: frankismoko urte gordinak bakoitzari, alderdi politiko batzuei batik bat, komeni erara interpretatzen ari dira hainbat, jakinaren gainean egonik, gainera, muturreko eskumari besterik ez diotela mesede egiten. Komunikabideen eskutik maizegi jasotzen dugu hainbat herrialdetako gobernuen muturreko jarreren berri, eta esaten digute muturreko eskumaren goranzko joera bozketetan adierazitako herritarren nahia dela. Bada, gu, euskal herritarrak, abertzaleak, ezkertiarrak, une historiko honetan orekarik gabeko eta indar ahuletako gobernuetan gaudenak, gai ez bagara tinko borrokan bat eginda geureari eusteko, lurrari, euskarari, daukagun askatasun pittinari eusteko, irentsiko gaituzte, atzeranzko aldaketa izugarria izango genuke eta.
Iruditzen zait Hego Euskal Herriko alderdi politiko gehienek errealitate horri ez diotela jaramonik egiten, edota aipatu dudan panorama berri-zahar horretan eroso sentitzeko asmotan dabiltzala, horien artean PNV bera. Izan ere, PNVk erakusten duen jarrerak 60ko eta 70eko hamarkadetara narama: epelkeria eta ausardia eza abertzaleen arteko indarrak biltzeko orduan gure herriaren etsaiari aurre egiteko. Nongo aberriko abertzale zara, PNV?
Guk, abertzale-ezkertiarrok, geureari eutsiz aurrera ekingo diogu arduraz, tinko eta zutik. Ondo dakigu Euskal Herrian, eta munduko herri guztien askatasunean, borroka dela lanabes indartsuena, eta bakarra nire ustez, libre egiten gaituena; herria eta norbera.
Gudariak beti biziko dira gugan bizitzari argi ematen, bidea erakusten. Jon Paredesen eta Angel Otaegiren herriarekiko emankortasunak jasotzen du Euskal Herriarekiko maitasuna, engaiamendua. Gudari izenaren izana dira: eredu.

«Espainia da gure gudu zelaia eta inork ez du onartzen»

Otegi: ¿Por qué colaboramos en Iruñea y Baiona y no en Gasteiz?

El plan estrella de Lakua en Vivienda depende de una consultora madrileña

Un hombre tranquilo
